Nagore BELASTEGI
BARAKAlDO

Beso mekaniko batekin, langileei «laguntzeko» prest daude robotak

Makinek gizakiak ordezkatuko dituzte, akaso, noizbait, baina gaur-gaurkoz automatak gizakiaren esanetara daude. Hala ere, gero eta lagungarriagoak izan daitezkeela frogatu dute BIEMH azokan.

Barakaldoko Makina Erremintaren Biurtekoak (BIEMH) sei pabiloi ditu aurten. Guztietan dabil jendea, baina begirada gehien erakarri duena hirugarren aretoa da. Bertan daude gehitze-fabrikazioko makinak –3D inprimagailuak–, baita automatak ere, robotak.

Ez dituzte begiak baina bai besoak. Automatak dira, baina ez autonomoak. Nahiz eta behin agindua emanda euren kabuz aritzeko gai diren, gizakiaren laguntza behar dute euren lana ondo egin ahal izateko, oraingoz behintzat. Ideia hori azpimarratu nahi izan zuen Jordi Saboyak, ABB enpresako saltzaileak. «YuMi robota erabiltzeko pertsonaren beharra dago. Horregatik bere izena (YuMi ingelesezko you eta me bezala ahoskatzen da, alegia, “zu” eta “ni”). Ez da langileen ordez arituko den robot bat, baizik eta horiei lan astunak egiten lagunduko diena», aipatu zuen.

YuMi bi besodun robot kolaboratiboa da (bi beso dituen bakarra). Pertsona baten beso-zabalera berbera dauka eta haren antzeko mugimenduak egin ditzake. «Langilearen alboan lan egiteko robot bat da, ez da kaiola baten barruan egon behar, segurua delako. Mugimendu errepikakorrak egiteko programatu daiteke langilearen hainbat lesio ekidinez», azaldu zuen.

Programazioaren aldetik YuMik ez dauka zailtasun handirik. Ordenagailu baten bidez egin daiteke, baina programazioan adituak ez direnek beste sistema errazago bat erabil dezakete; erabiltzaileak mugimenduak eskuz erakutsi dakizkio, eta ondoren banan-banan gorde ordenagailuan. Hala, guztiak amaitzean eta gailua piztean, automata gai izango da irakatsitakoa behin eta berriz egiteko. Oso makina zehatza denez, pieza txikiak abiadura handian muntatzeko erabilgarria izan daiteke.

Zehaztasun handiz

Renishaw enpresak duen koordenatu bidezko neurketa makinak (CMM) ere beso bat dauka, baina horren funtzioa ez da langileari lan karga kentzea, baizik eta aurretik egindako piezak ondo eginak dauden edo ez jakitea.

Zaila da lehenengo begiratuan makina horrek zertarako balio duen jakitea, boligrafo batekin hitz bat idazten ari baitzen etengabe. Marraren gainetik pasatzen zen beti, baina marra ez zen lodiagoa egiten. Hau da, makina hain zehatza zen, ezen aurretik marraztutako marren gainetik pasatzen zen batere mugitu gabe.

Traian Onacuk azaldu zigun zertan datzan teknologia hau: «Gainazal batean dauden kurbak edo akatsak sumatzen ditu. Boligrafoarena marketin hutsa da, jendeak makinak duen zehaztasuna ikus dezan, baina berez puntan errubi-zunda bat dauka», esan zuen makinaren punta aldatu aurretik. Bere kide Iñaki de Pazek hartu zion erreleboa ondoren: «Ordenagailuan plano batzuk sartzen dira, baina teorian sortu behar den piezaren eta benetan sortzen denaren artean desberdintasunak izaten dira. Makina honek desberdintasun hori zenbatekoa den neurtzen du», aipatu zuen.

Horrela egindako piezak balio duen edo ez jakin daiteke. Saltzaileak esandakoaren arabera, enpresa gehienetan dute mota horretako makina bat. Azalpenak amaitzean robota pieza bat aztertzen hasi zen. Gainazaletik pasatu zen ziztu bizian, zuloetan sartu zen azkar-azkar eta gainazal laua baino altuagoak ziren elementuak trebetasun handiz saihestu zituen.

Perfekzio hori gizakiekin lortzea ez da erraza, nahiz eta robot horren atzean gizaki bat egon behar den nahitaez. Roders Tec enpresa ere perfekzio horretara gerturatzen da. Abiadura handiko mekanizatzeko makina bat zuen BECen. Jendea txirbiletatik babesteko kristalezko kaiola batean, beso mekaniko bat altzairuari forma ematen ari zen. Plastilina izango balitz bezala, gainazalean marrazten zuen eta higatuz nahi zituen formak lortzen zituen.

Makina honekin lortzen den piezen akabera bikaina da (altzairuak ispilua dirudi) eta gainera ia edozein material erabil daiteke. Metala, egurra, plastikoa... «Programatzean zein material erabiliko den zehaztea garrantzitsua da indar handiegia egin ez dezan», azaldu zuen Thomas Langek.

Era berean, esan zuen zehaztasun handia behar duten piezak egiteko erabil daitekeela. Adibidez, turbo motorretako rodeteak egiteko edota eskuetan harro hartzen zuen buru formako pieza bat. «Honek ez du ezertarako balio, erakusteko besterik ez da», onartu zuen. Programari dagokionez, Windows sistema eragilea ezagutzea nahikoa da.