
Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egindako ekitaldian, hilaren 25eko hauteskundeei begira irakurketa eta aldarrikapenak plazaratu ditu Kontseiluak.
Nerea Alias aurkezlea eta Lander Arbelaitz kazetaria ondoan zituela, Bilbaok gogoratu du hiru hamarkada joan direla 1982an EAEn euskara ofizial izendatu zenetik eta, orduan jaiotakoek, egun «bere bizimodua euskaraz eratzeko zailtasunak» dituztela azpimarratu. Horregatik, orain artekoak baino «pauso sendoagoak eta eraginkorragoak» behar direla esan du.
Bilbaoren esanetan, normalizazioa prozesu bat da eta prozesu guztiek hasiera zein amaiera behar dute. Hurrengo legealdiari begira, eskaera egin die arduradun politikoei: «epeak zehazten has daitezen garaia da. Euskaraz bizi ahal izateko baldintza juridiko, politiko eta ekonomikoetan tempusak zehaztu behar dira, Euskararen Legearekin batera eta ondoren datozen milaka euskaldunak euskaraz bizi daitezen».
«Belaunaldi osoa joan da EAEn euskara ofizial izendatu zenetik, eta ezin bizi gaitezke etengabeko arian-arian edota progresibotasun kiribilean», esan du.
Hamahiru proposamen
Ildo horretan, hamahiru puntuko dokumentua aurkeztu du Kontseiluak, besteak beste, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa aldarrikatzen duena, «batetik, hezkuntza sistemak belaunaldi berriak euskaldunduz eta, bestetik, helduei doako euskalduntzea bermatuz».
Administrazioaren euskalduntzea da beste lehentasunetako bat Kontseiluaren iritziz, izan ere, «erabakigarria da euskararen normalizaziorako zein herritarren hizkuntza-eskubideen bermerako».
Arlo sozioekonomikoan ere «indar handiagoz» lan egin behar dela adierazi du Bilbaok. «Gure eguneroko bizitzan duen leku handiagatik, lehentasun izaera» ematen dio Kontseiluak.
Hauek guztiak noiz bermatuko diren galdetu die Kontseiluko idazkari nagusiak irailaren 25etik aurrera Gasteizko Legebiltzarra osatuko duten kideei.
Bestetik, Bilbaok gogorarazi du abenduaren 17an Europako hainbat gizarte eragileen ekarpenekin osatutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztuko dela. Protokoloan, jasoko diren neurriak ere datorren legegintzaldian aintzat hartu beharrekoak izango dela gogorarazi du.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du Miribillan bildutako euskararen komunitateak
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia
