GARA
AMURRIO

Araban du itxaropena Errejonek eta Otegiren eskaintzari heldu dio

Bereziki irekia dago lehia Araba aldean. Errolda murritzagoa izanik, gainera, errazagoa da emaitza txukun batekin legebiltzarkide kopurua handitzea. Estatu mailako azken hauteskundeetan Podemosek Araban egindako aurrerapausoa gogoan, herrialde honetan jarri du konfiantza Elkarrekin Podemosek. Horrela aitortu zuen atzo Iñigo Errejon Estatu mailako idazkari politikoak: «Araba aldaketarako palanka bilakatu nahi dugu, Gasteizko Legebiltzarrera aire freskoa sar dadin», esan zuen Amurrion egindako ekitaldi batean.

Kongresurako eta Senaturako azken bi bozketetatik ondorio hau atera du Errejonek, Arabari dagokionez: «Jende arruntak hauteskundeei buelta eman eta boteretsuekin balantza orekatzeko gaitasuna badu. Hemen dago jokoan, beraz, igandean aldaketa politikoa lortzeko aukera».

Otegiren ideiaren bidetik

Aldaketa hori «akordioen fruitua» izango dela onartu zuen Iñigo Errejonek, indar ezberdinen arteko boto banaketak horrela agintzen duelako. Eta ildo horretan «herri akordio berri» baterako eskua luzatu zuen.

Arnaldo Otegiren eskaintzaren terminologia ez ezik, eduki bera ere badakar proposamen honek, hiru esparru hartzen baititu bere baitan, eta hiruretan EH Bildurenaren antzeko formulazioa: batetik, eskubide sozialak «blindatzea» planteatzen du; bigarrenik, autogobernuan aurrera egitea; eta hirugarrenik, elkarbizitza eta bakea sustatzea.

Errejonek Pili Zabala lehendakarigaia izan zuen mintzakide Amurrioko agerraldi honetan. Elkarrekin Podemosek «Euskadiren beharretarako proposamen zehatzak» dituela adierazi zuen. Eta PPko Alfonso Alonsorekin izan zuen ika-mikaz ere hau esan zuen: «Desberdintasunen eta bidegabekerien aurrean ez dugu begirada jaitsiko». Bere bizitokian, Zarautzen, itxiko du gaur kanpaina Zabalak.

ELKARREKIN PODEMOS

«Herri akordio berria behar da, eskubide sozialen, autogobernuaren eta elkarbizitza eta bakearen alde egiteko»

Iñigo ERREJON

Elkarrekin Podemos