NAIZ

Lomce, Heziberri eta errebalidaren aurkako mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herrian

Mobilizazio jendetsuak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan Lomceren aurka, Ikasleen Sindikatuak deituta. ELA eta Steilas ere kalera atera dira, Lomcez gain Heziberri dekretuaren aurka, Ehige gurasoen elkartearen babesarekin. Ikasle Abertzaleek eta LABek ez dute deialdiarekin bat egin «bide propioari ekarpenik egin gabe, estatuko logikari erantzuten diolako» gaurko deialdiak. EH Bilduk babestu egin ditu euskal eragileek deitutako mobilizazioak.

Donostiako manifestazioa. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Donostiako manifestazioa. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Mobilizazio jendetsuak izan dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eguerdian, Ikasle Sindikatuak espainiar Estatu mailan egin duen deialdiari erantzunez. ELA eta Steilas sindikatuek ere ordubeteko lanuzteak eta mobilizazioak egin dituzte Lomceren eta Heziberri dekretuaren aurka, Ehige gurasoen elkartearen babesarekin.

Bilbo, Iruñea, Donostia nahiz Gasteizen manifestazio jendetsuak egin dituzte Lomce, Heziberri eta errebalidaren aurkako oihu artean eta «hezkuntza duin baten defentsan». Arratsaldean ere mobilizazioak burutu dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ELA, Steilas, CCOO, UGT eta Ikasleen Sindikatuak deituta.

Goizeko lehen orduan, ELA eta Steilasek eta Ehigek elkarretaratzea egin dute Bilbon, Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean. Ikastetxeetan ere burutu dira elkarretaratzeak eta baita ordubeteko lanuzteak ere. ELAko hezkuntza arduradun den Alain Garciak azaldu duenez, «Euskal Herriaren beharrak asetuko dituen hezkuntza sistema propioa» aldarrikatu dute. Zentzu horretan, EAE eta Nafarroako gobernuei Lomce praktikan jartzea leporatu die.

Era berean, hezkuntzan eman diren murrizketak salatu ditu. «Murrizketak izan dira, lan kargak handitu... Honen aurrean planto egin behar dugu, hezkuntza euskaldun, solidario, demokratiko eta parte-hartzailea lortzeko». Mobilizazioak «arrakasta handia» izan duela nabarmendu du.

Steilas sindikatuko Ana Perezek, aldiz, «negoziazioan parte hartzeko eskubidea» defendatu du eta Heziberri «Lomce pil pil erara» dela salatu. Nafarroan, bestetik, «inongo disimulurik gabe» praktikan dagoela gogorarazi du.

EH Bildu euskal eragileen mobilizazioekin bat, LABek eta IA ez

Euskal eragileek deitutako mobilizazioekin bat egin du EH Bilduk. «EH Bilduren jarrera argia eta tinkoa da Lomce eta Heziberriren kontra. Hau esanik, berresten gara, orain inoiz baino gehiago, Euskal Herrian oinarrizko Hezkuntza Akordio zabal baten beharra dugula. Izan ere, Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzen hasteko agenda propio, adostu eta bateratua behar beharrezkoa dugu», adierazi du bere webgunean argitaratu duen ohar baten bidez.

LABek eta Ikasle Abertzaleek, aldiz, ez dituzte mobilizazio hauek babestu «bide propioari ekarpenik egin gabe, estatuko logikari erantzuten diotelako». Herri gisa «hausnarketa» egitera gonbidatu du LABek ohar baten bidez.