GARA
DONOSTIA

Milaka danborrarik berotuko dute iragarritako egun hotza

Egun bakarreko festa izanik, donostiarrek sansebastianak azken minutura arte gozatzen dute. Milaka dira danborrak hartuta, eguraldiari jaramonik egin gabe, kalera ateratzen direnak. Ordutegiari jarraituz, ez da minutu bakar bat danbor hotsik gabe.

Arropa beroa jantzita atera ziren atzo gauean danborrariak Donostian, iragarrita zegoen hotzari aurre eginez. Argiz eta soinuz bete zen presoen etxeratzea aldarrikatzen zuen plaza “San Sebastian martxa” ren lehen hotsekin; haur eta helduak, dantzariak eta familiarrak oholtzan 24 orduz luzatuko den festak eztanda egin zuenean.

Hala, gaurko egunean zehar 141 danborrada ibiliko dira hiriko auzo eta kaleetan zehar. Altza-Intxaurrondon 18 danborrada aterako dira; Amara-Loiolako Erriberetan, 15; Antiguan, 22; Erdialdean, 31; Grosen, 23; Loiola-Egia-Martutenen, 9; eta Alde Zaharrean, 23. Zazpi talde berriak dira. Antiguan Santa Teresa Ikastetxea eta Ur Tanta gehitu dira aurten, eta Erdialdean Summako Guraso Elkartea, Hotel de Londres y de Inglaterrako danborrada elkartea, Gipuzkoako Industria Ingeniarien Elkargo Ofiziala, Eiztari Etxea eta Peña La Vaca.

Presentacion de Maria danborradak, ordea, huts egingo du, beraz, iaz baino sei talde gehiago aterako dira kalera (iaz 135 izan ziren).

Horrez gain, Urki arraun elkartearen herri danborrada ere kontuan hartu behar da, zein bere konpainiaren afaria amaitu bezain laster atera ziren atzo kalera. Sukaldariz jantzita, txistulari bandak lagunduta, Alde Zaharreko kaleetan barrena ibili ohi da. Azkenik, 12.00etan guztiak Alderdi Ederren izango dira begira, bertatik aterako baitira Easo Ederra eta Jenerala haur danborradarekin batera. Gauerdian dena amaituko da.