Jon Ormazabal

Ezkurdia-Merinok bizirik jarraitzen dute partida oso serioa jokatu ostean (22-12)

Finalerdietarako txartelek garesti jarraitzen dute oso Ezkurdia-Merino II.ak Tafallan behar-beharrezkoa zuten bosgarren puntua eskuratu ostean.

Lehia bizia dago finalerdietara sartzeko bikoteen artean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Lehia bizia dago finalerdietara sartzeko bikoteen artean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Aspekoak askoz behartuago heldu dira Ereta pilotalekuan jokatu den partidara, baina ideiak oso garbi izan dituzte eta lan asko eginda, erraz gainditu dituzte opari asko egin dituzten Victor eta Albisu.

Partidak bi zati oso desberdin izan ditu. Seinako berdinketara arte, lehia oso gogorra eta parekatua izan da. Atzeko koadroetan lan bikaina egin duen David Merino bolada ikaragarrian zetorren Jon Ander Albisu eusteko gai izan da eta aurrean Victor Ezkurdia baino ausartago aritu da, baina baita galtzaileago ere eta indarrak pare xamarrean egon dira.

Une horretatik aurrera, ordea, Jon Ander Albisu aldrebestu egin da, konfiantza segituan galdu du eta hutsak pilatzen hasi da, partidatik erabat irten da. Victor ere txaparekin haserre aritu da uneren batean eta Asegarcekoek zortzina pilota galdu dituzte. Horrela ezinezkoa da partidak aurrera ateratzea.