Arantxa Manterola
BAIONA

Bizi osorako espetxe zigorra Parisen «estrategia planifikatua» dela salatu du Bagoazek

Jakes Esnal, Txistor Haranburu eta Ion Kepa eta Unai Parot preso hartu zituztenetik 27 urte betetzeko atarian, baldintzapeko askatasunak «sistematikoki» ukatzea leporatu dio Bagoazek Parisi. Guztien askatasuna exijitzeko manifestazioa deitu du martxoaren 25rako, Donibane Lohizunen.

Bagoaz kolektiboko kideak, gaur goizean, Baionan (Bob EDME)
Bagoaz kolektiboko kideak, gaur goizean, Baionan (Bob EDME)

Azken urteetan epaitegi frantsesei egindako baldintzapeko askatasun eskaerak, Lorentxa Guimonena salbu, ezezko borobila jaso dutela salatu du Bagoezek gaur goizean, Baionan.

Juridikoki eskatzen diren kondizio guztiak betetzen dituzten arren, epaileek «argudio erabat politikoak» erabiltzen dituztela argi dauka presoen eskubideen alde diharduen kolektiboak. Hala egiaztatu da, bere esanetan, Jakes Esnal, Txistor Haranburu eta Ion Kepa Parotek egin dituzten eskaeretan.

Estatu frantsesean larrialdi egoera indarrean jarri zenetik, gainera, baldintzapeko askatasuna lortzeko betekizunak are eta gogorragoak direla ere nabarmendu du. «Estrategia pentsatua, asumitua eta planifikatuaren erantzule zuzena» Gobernua dela deritzo Bagoazek, «nahi izanez gero, presoen egoerari aterabidea eman diezaiokeelako». Ildo horretan, dei berezia egin dio Hollande presidenteari bere mandatua utzi aitzin jarrera alda dezan eta, era berean, konponbide prozesuaren aldeko urratsak egin ditzan.

Berrogei urteko kondena duen Unai Paroten kasuan, berriz, Madrilek geratzen zaion zigorra Estatu frantsesean betetzeko egindako eskaera errefusatu diola gogoratu du.
 
Estatu frantsesean espetxeratuta urte gehien daramaten euskal preso politikoen askatasuna ez ezik, larriki gaixorik daudenena eta preso guztien hurbilketa exijitzeko, manifestazioa antolatu dute martxoaren 25erako, arratsaldeko 17.00tan, Donibane Lohizunen.