Ez dakit Juan Martinez de Irujoren zenbat partida ikusi dudan baina asko dira, asko. Beste edozein pilotarirenak, izan egungoak izan lehengoak, baino gehiago; diferentziarekin. Tamalez, telebista bidez gehien-gehienak. Lehenengoa gogoan dut: Mendillorriko trinketean izan zen, buruz buru, Heriberto Lopez Loquillo mexikarraren aurka, 2002ko Iruñeko Munduko Pilota Txapelketako finalaurrekoan. Galdu egin zuen, 40-35. Hemeretzi urte zituen. Orduan ere atentzioa ematen zuen: sua begiradan, irabazteko gosea, kolpe bizia... Urtebete eskasera Labriten, profesionaletako debutean, bere horretan mantentzen zituen ezaugarri horiek guztiak. Areagotuta, akaso. Berri batzuk ere antzeman nizkion: adore neurrigabea, lotsarik eza, moldeak apurtzeko zera natural hori. Eta aire joko ikusgarria: Titinenarekin gozatzen bageneramatzan urte batzuk, baina Iberoko gazte harenak beste zeozer zuen; gatza, arerioa atzeraka ateratzeko gaitasuna. Gantxo luze hark sekulako mina egiten zuen. Hori kolpea! Indarra! 22-21 irabazi zuen estreinako hura, Elkororekin bikote eginda. Ondorengo hamahiru urteetan, zer ez ote digu eskaini kantxan: momentu gogoangarri mordoa. Eta, batik bat, iraultza. Gogoratzen une oro airez jokatzen zuen pilotari lotsagabe haren joko moldeak nola harritzen zuen pilotazalea? Kargu hartzen zionik ere bazen. Bada, begiratu gaur ia denak nola aritzen –edo saiatzen– diren. 2016ko apirileko bi-bitarako finalean Bizkaia pilotalekuan nintzen. Lanean. Hatzean min hartu eta partida utzi behar izan zuenekoa. Gerora, Juanen azkena izan dena. Egun hartako gauza asko ez dut berehalakoan ahaztuko... Baina nahiago dut debuteko urtera itzuli, 2003ko Eguberrietara. Binaka partida jokatu zuen data horietan. Ez dakit norekin eta noren kontra, emaitza ere ez daukat gogoan. Kantxan egin zituenekin akordatzen naiz, haiekin. Hura ikuskizuna! Pilota galdu? Bai, eta zer? Sabela gainezka genuela, bazkaloste hartan, albokoak –ni baino pilotari askoz gehiago ikusitakoa bera, adinaren poderioz– nola esan zuen: «Honek jokatuko du; asko. Bikaina dator». Eta bai etorri ere. Irujistak han-hemenka sortzeraino. Historiako handienetako baten zale amorratuak.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»

