NAIZ

Amaia Uranga abeslariaren ekarpena eskertu du Udalak

Bilboko Udalak Mocedades eta El Consorcio taldeetako abeslaria izandako Amaia Urangari bere esker ona adierazi nahi izan dio «Aste Nagusia mundu osoan entzun dadin eta Aste Nagusia bere ahotsarekin nagusiagoa izan dadin» egin duen ekarpenagatik.

Aburto Amaia Uranga abeslariarekin. (Bilboko Udala)
Aburto Amaia Uranga abeslariarekin. (Bilboko Udala)

Amaia Uranga abeslaria, Bilbotar unibertsala izendatua izandakoa da eta Mocedades taldeko ahots solista nagusia izan zen 16 urtetan zehar. Musika talde honekin 1973ko Eurovision lehiaketan parte hartu zuen ‘Eres tú’ kantuarekin.

El Consorcio taldean abesten du gaur egun eta egindako ekarpena saritu nahi izan du Udalak ekitaldi honetan.

Aldi berean, 200 lagundik gora elkartu dira Udalak antolaturiko harrera ekitaldian. Konpartsen, merkataritzaren, ostalaritzaren eta enpresen munduko ordezkariak, aktoreak, kultur elkarteak eta epaileak, baita Udaleko bertako langileak eta beste erakunde eta administrazio batzuetako ordezkariak ere izan dira Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundikoak, besteak beste.

Alkateak aipamen berezia egin die Nati Ovelleiro pregoilariari eta Ane Ortiz txupinerari. Beste horrenbeste, konpartsei, txosnei, enpresa eta tabernetako, jatetxeetako eta hoteletako, dendetako, antzokietako, museoetako, hedabideetako eta ospitaletako langile guztiei, artistei, zirkuko jendeari, su artifizialetakoei eta barraketakoei.

Bistariei ere zuzendu zaie: «Bilbora itzul daitezela eta gutaz ondo hitz egin dezatela nahi dugu, eta, honekin batera, gure gastronomiaz, kulturaz, eta, batez ere, sentitzea bilbotarrok ondo hartu ditugula, hiri bezala gure balio handiena».