NAIZ
DONOSTIA

Estropada eremuko errekorra egin eta lau segundoko abantaila hartu du Urdaibaik

Bi traineruk, Urdaibai (18:53.67) eta Hondarribiak (+4.28), apurtu dute 2006an Castrok ezarri zuen errekorra (18:59.94). Lau segundo inguruko abantaila lortu dute bermeotarrek datorren igandeari begira, eta Orio eta Kaikuk osatuko dute ohorezko txanda.

Urdaibai eta Hondarribia, buruz-buru bigarren txandan. (@gara_augarte)
Urdaibai eta Hondarribia, buruz-buru bigarren txandan. (@gara_augarte)

Estropada eremuko baldintzak onak ziren; itsasoa lasai eta haizea geldi. Horrek estropada, batez ere, fisikoa izatea eragin du, eta sekulakoak izan dira Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldi honetan traineru nagusiek markatu dituzten denborak.

Orio eta Kaikuren artekoa izan da lehen txandako lehia. Sei segundoko abantailarekin iritsi dira oriotarrak ziabogara, baina itzulerako estropada bikaina osatu dute Sestaokoek. Azkenean, apenas lau segundoko abantailaz irabazi du Oriok; hirugarren izan da Zierbena (+18), eta laugarren San Juan (+28).

Bigarren txandan lehiatu dira igande honetako hoberenak: Urdaibai eta Hondarribia. Oriorekin parean abiatu dute estropada biek ala biek, harik eta lehenengo luzearen bigarren zatian Urdaibaik estropada apurtu duen. Airean joan dira bermeotarrak, eta sei segundorainoko aldeak atera dizkiote Hondarribiari.

Hauek, baina, tarteak mantentzea lortu dute, baina itzulerako luzean hauek murriztea ere. Bigarren txanda lehenengoa baino dezente azkarragoa izan da; lehenengo bi traineruek apurtu dute 2006an Castrok ezarritako errekorra (18:59.94). Azkenean, lau segundoko abantaila atera dio Urdaibaik Hondarribiari, 30ekoa Tirani eta 38koa Donostiarrari.

Datorren igandeari begira, Urdaibaik (18:53.67), Hondarribiak (+4.28), Oriok (+9.78) eta Kaikuk (+14.12) osatuko dute ohorezko txanda. Dena zabalik geratu da jardunaldi erabakigarriari begira.