NAIZ
BILBO

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan abenduaren 12rako greba deitu dute

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan abenduaren 12rako greba deialdia aurkeztu dute Lakuako Gobernuaren egoitzan. Bihar irakasleen kolektiboa dago lanuztera deituta.

ELA, LAB eta Steilaseko ordezkariek abenduaren 12ko greba deialdia erregistratu dute. (ARGAZKI PRESS)
ELA, LAB eta Steilaseko ordezkariek abenduaren 12ko greba deialdia erregistratu dute. (ARGAZKI PRESS)

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzan erregistratu dute gaur goizean abenduaren 12rako hezkuntza alorrean egin duten greba deialdia. Egun horretan hezkuntza publikoko sektore desberdinetako langileak daude deituta grebara.

Sindikatuok hainbat aste daramatzate mobilizazioak egiten murrizketak salatu eta hezkuntza politikan aldaketak eskatzeko. Aurreko asteetan haurreskoletako hezitzaile eta langileek egin dituzte lanuzte eta mobilizazioak, eta ostegun honetan, berriz, irakasleen kolektiboaren txanda izango da.

ELA, LAB eta Steilasen ustez, ezinbestekoa da Lakuako Gobernua «azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea». Horren guztiaren ondorioz egungo hezkuntza publikoan eta haurreskoletan «sufritzen ari garen egoerari buelta ematea» ere ezinbesteko jo dute. 

Sindikatuok hainbat neurri proposatu dituzte egoerari irtenbidea emateko, horien artean hezkuntzan inbertsio publikoa handitzea; plantilak gutxienez 1.800 langiletan handitzea; behin-behinekotasuna %6ra murriztea; ikasle-ratioak %10 murriztea; irakasleen eros-ahalmena berreskuratzea; ordezkapenak lehen egunetik kubritzea; bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea; Lomce ikastetxeetatik ateratzea eta Heziberri bertan behera uztea, besteak beste.