NAIZ

EAEko hezkuntza publikoko irakasleen %70ak parte hartu du greban, sindikatuen arabera

EAEko hezkuntza publikoko langileak grebara deituta daude gaur, eta LAB, ELA eta Steilas sindikatuek adierazi dutenez, parte-hartzea %70etik gorakoa izan da. Lakuako Hezkuntza sailak, aldiz, %49ko jarraipena izan dela adierazi du. Eguerdian manifestazio jendetsuak egin dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian.

Donostian jendetza bildu da hezkuntza publikoan deitutako greban. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Donostian jendetza bildu da hezkuntza publikoan deitutako greban. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

LAB, ELA eta Steilas sindikatuek deituta, EAEko hezkuntza publikoko 26.000 langile zeuden gaur grebara deituta. Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, parte-hartzea %70etik gorakoa izan da. Grebak «jarraipen berezia» izan du Haur eta Lehen Hezkuntzan. Lakuako Hezkuntza sailaren arabera, aldiz, jarraipena %49koa izan da. Ikastetxeen %66arekin ateratako datuak dira azken hauek.

12.00etan mobilizazioak egin dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizen «egoera salatu, aldarrikapenak plazaratu eta Lakuari egoerari konponbidea emango dion edukiz beteriko benetako negoziazio prozesu bat gara dezan eskatzeko».

«Orain arte Lakuak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu», gehitu dute. Zentzu horretan, azken asteetan aurrekontuak «propagandaz bildurik» aurkeztu dituztela salatu dute eta hauek «ez dutela ez irakasleentzat ezta borrokan dauden hezkuntza publikoko gainerako sektoreetan re, egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk jasotzen» salatu dute.

LAB, ELA eta Steilasen iritziz, egoerari irtenbidea emateko adostu beharreko neurriak hauek dira: hezkuntzan inbertsio publikoa handitzea «gutxienez Europar Batasuneko batezbestekoa ezarriz eta progresiboki Unescok gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz»; azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 langiletan handitzea; egun «%38koa den behin-behinekotasuna» %6ra murriztea; ikasle-ratioak %10 murriztea; irakasleen eros-ahalmena berreskuratzea; ordezkapenak lehen egunetik kubritzea; bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea; erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea; Lomce ikastetxeetatik ateratzea eta Heziberri bertan behera uztea; ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea eta balizko «Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte-hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea», besteak beste.

Aldarrikapen hauei erantzungo dien negoziazio prozesua abian ez jartzekotan, «greba eta mobilziazio dinamika mantentzea beste biderik ez digula utziko», jakinarazi dute.