NAIZ
DONOSTIA

Chick Corea, Brad Mehldau eta Caetano Veloso, Jazzaldiak iragarri dituen izen berrien artean

Donostiako 53. Heineken Jazzaldiak sei izen gehitu dizkio duela hilabete iragarritako lehen zerrendari: Chick Corea, Brad Mehldau, Caetano Veloso, Kenny Barron, Benny Green eta Maceo Parker, Ray Charlesen Orkestra eta The Raelettes lagun dituela. Jaialdia uztailaren 25etik 29ra ospatuko da eta sarrerak otsailaren amaieran jarriko dira salgai.

Chick Corea da Jazzaldira batu den izenetako bat. (JAZZALDIA)
Chick Corea da Jazzaldira batu den izenetako bat. (JAZZALDIA)

Aurretik, Gregory Porter, Cecile McLorin Salvant, Carla Bley, Dave Holland, Michel Portal, Zakir Hussain, Jacob Collier, Bruce Barth, Julian Lage, Endangered Blood, Tom Ibarra, Iñaki Salvador, Marco Mezquida eta GoGo Penguin iragarri zituen jaialdi donostiarrak eta gaur izen berriak batu ditu.

Horrela, Chick Corea hiruko akustiko batekin izango da Donostian, John Patitucci eta Dave Weckl-ekin batera. Azkenaldian pianista estatubatuarrarekin hobekien elkar hartzen duten musikariak dira Patitucci eta Weckl. Halaber, Kenny Barron egungo bere boskotearen buruan agertuko da, antolatzaileen iritziz «heldutasun artistikoaren gailurrean» dagoela erakutsiz. Disko berria aurkeztuko du, aspaldian boskotean grabatu duen lehena. Barronek Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen 2000n, eta Chick Coreak 1998an.

Brad Mehldau pianista ere gehitu da 53. Heineken Jazzaldiaren artisten zerrendar. Jazzaldiko ikus-entzuleek «bereziki estimatzen duten pianista» dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta Donostian ohiko hirukoarekin izango da. Bestalde, Caetano Veloso musikari eta abeslari brasildarrak azken proiektua ekarriko du Donostiara, hiru seme lagun dituela: Moreno, Tom eta Zeca.

Halaber, jazzaldi donostiarrrak Ray Charles handiaren ondarea entzuteko parada eskainiko du, haren orkestraren eskutik eta Maceo Parker saxofonista zeremonia maisu dela. Gainera, Benny Green piano jotzaileak emanaldia hirukoan eskainiko du, «bere proposamen artistikoak bizirik eta indarrean jarraitzen duela erakutsiz».