@MartxeloDiaz
IRUÑEA

Altsasuko auzia Iruñean epaitu behar dela aldarrikatu dute berriz sindikatuek

ELA, LAB, ESK, CGT, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek Altsasuko gazteen auzia Nafarroan epaituko behar dela aldarrikatu dute beste behin eta larunbatean Iruñean egingo den manifestazioara joateko deia egin diote langileriari.

Nafarroako egoitzaren aurrean elkartu dira sindikatuak Altsasuko auzia salatzeko. (Iñigo URIZ/FOKU)
Nafarroako egoitzaren aurrean elkartu dira sindikatuak Altsasuko auzia salatzeko. (Iñigo URIZ/FOKU)

Altsasuko auzia Nafarroan epaitu behar dela aldarrikatzeko idazki bat aurkeztu dute Nafarroako Auzitegiaren erregistroan, Epaitegietako dekanoari eskubide hau bermatzeko neurriak hartzeko eskaria egiten dutelarik ere bertan.

«Altsasuko auzia Nafarroan epaitu beharreko auzia da, argi eta garbi. Horrela esan zuen bere garaian Nafarroako Auzitegi berak ere. Beste behin ere hori salatzera gatoz gaur. Hemen ez epaitzearekin batera prozesu guztian izan den desproportzioa salatu nahi dugu. Desproportzio hori gazteen kontra egiten diren zigor eskaerak eta gazte hauek pairatzen duten egoeran ikusten dugu. Izan ere, hamasai hilabete daramatzate hiru gaztek espetxean», adierazi dute ELAko Mitxel Lakuntzak eta ESKko Iratxe Alvarezek sindikatu guztien izenean.

Honekin batera, larunbatean Iruñean (17.30, Golem zinemetatik abiatuta) egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute sindikatuek. «Gure elkartasuna adierazi nahi diegu bai auziperatuta dauden gazteei bai euren familiei», azaldu dute. Hilaren 16an Auzitegi Nazional espainolean hasiko den epaiketa irauten duen bitartean antolatzen diren manifestazio eta mobilizazioetan ere parte hartzeko deia egin zuten Nafarroako sindikatu nagusiek.