NAIZ

Indarkeria sexista «lehen mailako arazo politikotzat» hartzeko eskatu du Emakumeen Mundu Martxak

Asparrenan hilda agertu den Sophia Losche alemaniarraren eta ‘la Manada’ taldeko kideak aske geratuko direla jakin ondoren, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak indarkeria sexista «lehen mailako arazo politikotzat» hartua izan dadila aldarrikatu du, indarkeria mota horri aurre egin ahal izateko. Autodefentsa feministarako deia ere egin du.

‘La Manada’ taldeko kideen aske uztea salatzeko Bilbon egindako protesta. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
‘La Manada’ taldeko kideen aske uztea salatzeko Bilbon egindako protesta. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Euskal Herriko Emakumeen Mundu martxak oharra kaleratu du, Sophia Losche ekintzaile alemaniarraren gorpua Asparrenan aurkitu eta ‘la Manada’ taldeko bost zigortuak aske utziko dituztela jakin eta biharamunean, bere irakurketa egiteko.

«Beste behien ere emakumeok kalean libre eta aske izateko ditugun oztopoak agerian geratu dira. Baita justizia patriarkala dela; erasotzaileak kalean daude epaia egon arren hau irmoa ez dela argudiatuz, nahiz eta badauden bitartekoak hau gerta ez dadin», salatu du.

Plataforma honek nabarmendu duenez, «nazkatuta» daude «erasotuak eta erailak izateaz», eta horregatik indarkeria sexistari aurre egiteko «lehen mailako arazo politikotzat» hartua izan dadila aldarrikatu du. «Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu».

Horrekin batera, autodefentsa feministarako deia ere egin du, «gure bizitzak direlako jokoan daudenak eta bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugulako».

Feministak «erantzuteko prest» daudela eta «denak aske izan arte» borrokan jarraituko dutela ohartarazi dute.