Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Aurreikuspen gazi-gozoak beherapenen hasieran

Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherea pagotxen garaian sartuko dira ondoko sei asteotan. Maldan behera dagoen salmenta eredua berpiztu nahian araua aldatuko du Parisek heldu den urtetik aitzina.

Heldu den urtetik aitzina merkealdia sei astekoa izan ordez lau astekoa izanen da, frantziar Estatuan bezala, Ipar Euskal Herrian. Parisko Gobernuak eginiko txostenen arabera, beherapenek ez dute lehen zuten eragina. Krisian dagoen kontsumo moldea berrasmatu beharra dagoela onartzen dute dendariek ere.

Arautegi ofizialaren arabera, beherapenak atzo hasi baziren ere, eztabaidagarria da oso merkealdia noiz eta nola hasten den. Besteak beste, beherapenei ekin aitzin, saltoki edo marka handiek bezero fidelei begirako salmenta pribatua egiten dutelako. Internet bidezko salerosketek ekarri duten ohitura aldaketei erantzuteko aitzakiaz urteotan orokortu den sistema horrek «beherapenen ereduari kalte handia egin dio, jendeak aurrekontu zehatza duelako eta denda handien salmenta pribatuetara jotzen badu ez delako gugana hurbilduko», aitortu dio GARAri Baiona Handiko arropa-denda bateko langileak.

Hala ere, inkesten arabera, herritarrek 200 bat euroko buxeta zehaztu dute beherapenetan gastatzeko. Iaz baino 11 euro gehiago. Hazkundea hor da, baina ez da sobera azkarra.

Joera aldatzeko, 2019an lau asteko beherapenak ezarriko dira. Datak mugatuz beherapenek salmentetan duten eragina areagotzea espero dute dendariek. Egutegi berria zehazteke dago oraindik. Ohiko dendariak beldur dira «salmenta eredu angloxasoia» indarrez sartu delako. Hala, neguko beherapenak Eguberri egunaren biharamunean hastea «oso kaltegarria» litzatekeela ohartarazi du Baionako dendariak.