NAIZ
DONOSTIA

Antxoaren stocka «bere unerik hoberenean dago» Bizkaiko golkoan

Lakuako Arrantza eta Akuikulturako zuzendari Leandro Azkuek eta AZTI Tecnaliako zuzendari nagusi Rogelio Pozok antxoaren biomasaren aurtengo kanpainaren emaitzak aurkeztu dituzte eta, azpimarratu dutenez, datuak positiboak dira, 225.000 tona antxoa kalkulatu baitituzte. Hau da, 1987an hasitako serie historikoko emaitzarik hoberena izan da.

Antxoa populazioa une oso onean dagoela diote adituek. (Gorka RUBIO/FOKU)
Antxoa populazioa une oso onean dagoela diote adituek. (Gorka RUBIO/FOKU)

Leandro Azkuek eta Rogelio Pozok agerraldia egin dute Pasaian, 2018ko Bioman kanpainaren emaitzak aurkezteko eta adierazi dute AZTIko ikertzaileek duela 30 urte baino gehiago hasitako kanpaina sortatik emaitzarik hoberena eduki duela, 225.000 tona antxoa kalkulatu baitituzte.

«Antxoa da gure arrantzaleen ekonomiaren zutabeetako bat eta interes komertzial handieneko espezie bat ere bada, nahiz eta bizitza laburra izateagatik eta kanpoko agenteen eraginpean egoteagatik aldakorra izan», azaldu du Azkuek eta, azpimarratu duenez, «ezinbestekoa da urtetik urtera egiaztatzea zenbat antxoa dagoen gure itsasoan, bere harrapaketa modu iraunkorrean kudeatu ahal izateko eta bere babesa bermatzeko».

Rogelio Pozok adierazi du «AZTIk datu zientifikoetan oinarrituta eman duen aholkularitza lagungarria izan dela, espezi garrantzitsu hau berreskuratzen eta iraunarazten lagundu baitu, euskal arrantza ontzien jardueraren dinamizazioa eta garapen ekonomiko eta soziala ahalbidetuta».

Bioman kanpaina zientifikoaren helburua da udaberriaren bukaeran Bizkaiko golkoan dagoen antxoa helduaren populazioa ebaluatzea, eguneko arrautza ekoizpenaren metodoaren bidez (MPHD), antxoaren ugalketa eremu osoan azterketa eta laginketa batzuk eginez.

Antxoaren populazioaren behin betiko kalkulua honako emaitzak batera aztertuz lortuko da: AZTIren Bioman eta Juvena –zenbat antxoa gazte dagoen eta zenbat egongo den jakiteko udazkenean egindako kalkulua– kanpainak; Pelgas kanpaina, Itsasoaren Ustiapenerako Frantziako Ikerketa Institutuak egindakoa (IFREMER); eta arrantza ontzien harrapaketak.

Hiru kanpaina horietan lortutako emaitzekin, Itsasoaren Nazioarteko Kontseiluak duen antxoaren, sardinaren eta txitxarroaren lantaldeak (CIE WGHANSA) Europako Arrantza Kudeaketarako Kontseiluaren irizpen zientifikoa landuko du antxoaren ustiapen mailen gainean. Horrela, Europako Batzordeak kudeaketa neurri egokiak eta 2019rako TACa –urteko harrapaketa kopurua– ezarri ahal izango ditu, arrantzaren eta itsasoko baliabideen iraunkortasuna bermatzeko.