Surfaren Hirien Munduko Sarea «aberastasuna sortzeko jarduera bezala surfa garatzeko estrategia duten hirien arteko lankidetza sarea» da. Europako, Amerikako, Afrikako eta Ozeaniako 12 hirik osatzen dute. «Tokiko lehiakortasuna hobetu eta surfaren sektorean berrikuntza irekiaren bidez enplegua sortzea» dute jomuga.
Orain arte, Gold Coast (Australia), Santos (Brasil), Durban (Hegoafrika), Ericeira eta Viana do Castelo (Portugal) eta Arica (Txile) hirietan egin dira urteko bilerak, eta sareko kideak Donostian bilduko dira aurten, surfean aritzen diren eta ekitaldian izango diren nazioarteko enpresekin harremanetan jartzeko aukera eskainiko dieten jardunaldien esparruan.
Aurten, hiri hauetako ordezkariak izango dira topaketan: Arica (Txile), Santos (Brasil), Montañita (Ekuador), Huanchaco (Peru), Donostia, Durban (Hegoafrika), Lacanau (Frantzia), Gold Coast (Australia), New Plymouth (Zeelanda Berria), Viña del Mar (Txile), Mafra (Portugal) eta Viana do Castelo (Portugal).
Nazioarteko Biltzarra gaur bertan egingo da, Miramar jauregian, eta Jim Houghton Surflineko salmenten zuzendari eragileak parte hartuko du. Surfline surfean espezializatutako munduko komunikabide digital garrantzitsuenetako da. Ondoren, sareko hiriek sektore ekonomiko garrantzitsu bezala surfaren garapeneko estrategien berri emango dute.
Arratsaldean, berriz, Gipuzkoan sektorean puntakoa den enpresetariko bat bisitatuko dute: Wave Garden. Enpresak Aizarnazabalen duen erakusketa zentrora joango dira parte hartzaileak. Halaber, Donostiako Pukas enpresako Hurley zentroko instalazioak ikusteko aukera izango dute, Zurriolako hondartzaren ondoan.