GARA
BILBO

LEP eredu berri eta propioa eratu behar dela adierazi du LABek

Eredu berrirako proposamenak gehienbat hezkuntzaren sektorera bideratu zituen sindikatuak. «Gardentasun falta, idatzizko proba memoristikoen gehiegizko pisua, gaitegiak erdara hutsez argitaratzea» eta gisako kexak zerrendatu zituzten. Argitu zuen Hezkuntza Sailak mahai teknikoan proposatutako eredua ez dela inolako urratsa.

Lakuako Gobernuaren lan eskaintza publikoen (LEP) eredua zaharkitua geratzen ari da, LAB sindikatuaren iritziz, eta horregatik prentsaurrekoa eman zuen atzo egungo ereduak sortzen dituen zalantzak agerian jarri eta irakaskuntzako enplegu publikoen deialdiak hobetzeko proposamenak plazaratzeko.

Sindikatuko Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkari Gorka Berasategik ohartarazi zuen gainera, hurrengo urteetan hainbat deialdi publiko izango ditugula administrazio gehienetan, guztiak Estatu espainoleko araudiaren baitan. «Honek ez die inola ere dauzkagun arazoei irtenbidea emango, gure zerbitzu publikoetan daukagun errealitatea kontuan hartzen badugu», adierazi zuen Berasategik.

LABen ustez, lau dira egun deialdi publikoen ereduan dauden arazoak: behin-behinekotasunean oinarritzen den sistema izatea, kontsolidazio deialdiak ez aurreikustea, birjartze tasari lotutako deialdiak planteatzea eta pribatizazio eta lanpostu amortizazioak lehenestea.

Horrez gain, azterketak euskaraz egiteko «sekulako trabak» planteatzen direla ziurtatu zuen eta, bere ustez, «klientelista, prekaritatearekin bukatzeko balio ez duena, iluna eta interes pribatuen menpeko» ezaugarrietan oinarritzen da egungo LEPa.

Hezkuntza sektorea

Astelehenean Hezkuntza Sailarekin mahai tekniko batean elkartu ziren eta LABeko irakaskuntzako arduradun Maider Izagirrek azaldu zuenaren arabera, administrazioak egindako proposamen berriak «ez duela sindikatuak aldarrikatzen duen norabidean urratsik suposatzen, ez eredu aldaketari dagokionez, ezta langileen kontsolidazioari dagokionez ere».

«LABek ez du babestuko mahai gainean dagoen proposamena eta eredu berri batean lanean jarraituko du», iragarri zuen Izagirrek. Iazko Lan Eskaintza Publikoak utzitako ondorio batzuk zerrendatu zituen, «eredu berrien eraikuntzan zer ez dugun nahi argitzea ezinbestekoa» dela uste baitute.

Beraien ikerketaren arabera, irakasleen erdiek baino gehiagok ez zuten lehen proba gainditu, eta horietariko gehienak jada irakasle gisara lanean ari ziren. Eskaini ziren lanpostuen %30 bete gabe gelditu zen eta 300 langilek egonkortu gabe jarraitzen dutela ohartarazi zuten.

Irakasleak hautatzeko eredua ez dute baliagarri ikusten eta Madrildik arautzen denari aurre egiteko «eredu propioa» behar dugula defendatu zuten prentsaurrekoan. Gaitegiak Estatu espainoleko legedi zaharrean oinarrituta daudela eta erdara hutsez argitaratzen direla nabarmendu zuten.

Proposamenak irakaskuntzan

Arazo edo «agorpen zantzu» hauek konpontze aldera sindikatuak bere pautak azaldu zituen, irakaskuntza sektorera zuzenduta. Prozesuaren diseinuan funtsezko ikusten dute hezkuntzako kolektibo desberdinetako lan-taldeen ezaugarri edo profila kontuan hartzea.

Bitarteko langileen tasa jaitsi arte esperientzia baloratzen duten deialdien beharra adierazteaz gain, azterketei beraiei buruz ere kexu agertu zen LAB, idatzizko proba baztertzailea dela uste baitute: «Idatzizko proba memoristikoak gehiegizko pisua du eta ez du balio irakasleen gaitasunak baloratzeko».

Lanpostuei lotutako probak izatea, zuzenketak egiteko irizpideak ezagutaraztea, egutegiak birmoldatzea eta epaimahaietan aritzen diren irakasleen baldintzak hobetzea ere aldarrikatu zituzten.

 

Bilbo-Basurtu ESIko kontratazio traketsaz, kexu

Bilbo-Basurtu ESIan darabilten kontratazio traketsaren berri eman eta honetaz kexatzeko prentsa-ohar bat helarazi zuen LABek. Sindikatuak jakinarazi zuen kontratazio arloan hilabeteak daramatzatela kategoria ezberdinetako langileen kexak jasotzen: «Lan zerrendetan jauziak, berandu iristen diren lan kontratuen luzapenak, Gizarte Segurantzako baja ezegokiak, soldata berandu kobratzea...».

Zenbait alditan kontratazio arduradunarengana joanak direla adierazi zuten eta egoera larritzen doala ohartarazi. Izan ere, kontratazio sailera joan diren aldietan zenbait lanpostu hutsik aurkitu dituztela ziurtatu zuten: «Oporretan dagoen jendea ere ez dutelako ordezkatu, hain zuzen ere kontratazio handiagoa aurreikusten denean eta zerbitzuan jende gehiago behar den unean». Honen aurrean, Pertsonal Zuzendaritzak hau gertatzeko inolako arazorik ez dagoela erantzun ziela nabarmendu zuen sindikatuak.

«ESI honetako zenbait arduraduni langileon bizitzak berdin diela» iruditzen zaio LABi, ez baitu ulertzen nola Pertsonal Zuzendaritzak ez zekien ezer egoera eta kexa horien inguruan. Horregatik, lana behar bezala bete dezaten exijitu zuen prentsa-oharrean. GARA