NAIZ
GASTEIZ

Gasteizen hastekoa zen garbitzaileen greba, bertan behera

Gasteizko garbiketa zerbitzua kudeatzen duen aldi baterako enpresa elkarteak (ABEE) bertan behera utzi du 22.00etan hastekoa zen greba, aipatu enpresa elkarteak eta Udalak akordioa lortu ostean.

Gasteizko garbiketa zerbitzua kudeatzen duen aldi baterako enpresa elkarteak (ABEE) urte honetan egiten zuen hirugarren deialdia zen gaur gauean hastekoa zena. Orain arte, baina, eta gaurkoa barne, protesta hasi aurretik geratu dira guztiak bertan behera.

Lau orduz luzatu den bilera egin dute aipatu enpresa elkarteak eta Gasteizko Udalak gaur goizean, atzo hasi eta akordiorik gabe amaitu zen bilkurari jarraipena emanez.

Akordioaren arabera, kontratu mugagabe izatera pasako dira egun aldi-baterakoak diren 12 kontratu, eta 11 langilek izango dute aurre-jubilatzeko aukera; hauen hutsunea errelebo kontratuekin beteko dute.

Greba, baina, ez da behin betiko bertan behera utzia izan. Izan ere, hainbat langilek oraino jaso gabe dituzte 2014tik gaur arte lan egin dituzten kontu propioetarako egunak. Guztira, milioi erdi euro inguru zor diete langileei.

Diru hau datorren abenduak 10 aurretik izan beharko da ordaindua, osterantzean, langile komiteak arlo sozialeko epaitegira joko dute, enpresaren ondasunak enbargatzea eskatzeko. Aipatu zorrak kitatu arte ez dute greba deialdia behin betiko bertan behera utziko.

Bere aldetik, hainbat neurri iragarri ditu Udalak ABEE-arekin lortu duen akordioa inplementatua izango dela ziurtatzeko. Hala gertatu ezean, epaitegien bidea hartuko duela iragarri du.