Ane URKIRI ANSOLA
ABADIÑO
Interview
UNAI ARANGUREN
EHNE BIZKAIA

«Jendea kontzientziatzen ari da gaixotasun gehiago daudelako»

EHNE Bizkaiak bere XI. biltzar nagusia egin berri du Derioko Baserri Eskolan. 110 kide hurbildu ziren, azken bi urteetan sortu diren eztabaidak mahaigaineratu eta alternatibak ateratzeko asmoz. Erdiak baserritar gazteak izan ziren eta, Arangurenek adierazi zuenez, emakumeen presentzia ere handia izan zen. «Zeurea, nirea, geurea» leloarekin, pertsona oinarri hartuta kolektiborantz begiratzen dute.

EHNE Bizkaiaren XI. asanblada hiru multzotan banatu zuten, guztietan adibide zehatzak emanez. Elkartearen historia eta testuingurutik, eraberritzear den Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) eta azpisektoreetan ematen den eredu intentsiboak eztabaidatu zituzten. «Menpeko nekazaritzara eraman gaituzte», adierazi zuen Unai Arangurenek. Holandako adibidea jarri zuen mahai gainean, urtean gutxienez 130 egun kanpoan bazkatzen duten behien esnea kontsumitzeko apustua egin dutelako erosleek. «Hemen %90ek ez du eguzkirik ikusten».

Proposamen horiek guztiak eskualdeka praktikan jartzea bideragarri ikusten dute, eta esperimentu batzuk egiten ari dira. «Elikaduraren inguruan mugitzen den jendea kontuan hartuta diagnostiko bat egiten gabiltza. Ze beharrizan dituen eskualdeak eta, daukan lur eta baserritarren arabera, noraino izan daitekeen subirano».

Eskoletako jantoki eta jantoki publikoak elikagai lokal eta osasuntsuez hornitzeko gaitasuna du lurraldeak?

Ez da posible. Ez daukagu produktu nahikorik. Baina norabide horretan eman behar ditugu pausoak. Ez bakarrik jantokietara begira, gizarte guztia hornitzeko ere ez gara gai. Agian esneki edo haragietan bai, baina beste produkzio guztietan ez. Helburu batzuk ipini behar ditugu, adibidez: jantokietan kontsumitzen den %25 edo %40 Euskal Herrian ekoitzia izatea. Zifra batzuk finkatu eta, horren arabera, laguntzak jarri helburu horiek betetzen joateko.

Bestalde, askotan ez daukagu erraztasunik gure produktuak hirietara eramateko. Orain dela urte batzuk hasi ziren hitz egiten merkataritza libreko itunarekin gure produktuak New York edo munduko beste puntuetara eraman genitzakeela. Eta guk esaten genuen ez ginela gai Bilbora eramateko ere...

«Hau nahi dut eta orain nahi dut» da filosofia.

Industrializazioak eraman gaituen momentu honetara heltzeko urte asko pasatu dira. Elikagai jakin bat munduko edozein lekutan ekoitzia den sisteman gaude, munduko punta batetik bestera garraiatzen dugu produktua, horrek dirua ematen duelako, eta kontsumitzaileek multinazional handiek erabakitzen dutena jaten dute. Egoera hau iraultzeko urte batzuk behar ditugu. Baina hasi gara jendea sentsibilizatzen, eta jendea berriro hasi da produktuaren nondik norakoak galdetzeko ohitura hartzen. Astiro-astiro lortuko dugu. Zergatik? Gero eta gaixotasun gehiago daudelako. Estatu espainola, Europa mailan, haurren obesitate maila handiena duen bigarren herrialdea delako. Lurralde batzuetako elikatze kultura osasungarria pikutara joan da. Orain jendea kezkatuta dago, gehienetan beren seme-alaben osasunarengatik, baina hortik abiatuta familia osoa kontzientziatzen da.

Gertatzen dena da kalean kontzeptu asko daudela eta jendeak ez daki ondo zer dagoen bakoitzaren atzean. Hori da gure ardura, argitzen joatea eta informatzen joatea. Horretarako nahi dugu subjektu hori indartu. Ez bakarrik produzitzeko, baizik eta sentsibilizazio hori garatzeko Euskal Herri osoan.

Idiazabal, Eusko Label, agroekologikoa, zero kilometro... asko dira. Ezin daiteke kalitate marka bat finkatu?

Pentsatu dugu, baina barnean aldaketarik egiten ez bada, ez du ezertarako balio. Zuk egin dezakezu marka bateratu bat, baina gero zure behiak transgenikoak jaten baldin baditu, ez badu argirik ikusten... Aldaketak izan behar dira ekoizte prozesu osoan. Herri batzuek erabaki dute beraien ekoizpen guztia ekologikoa izatea. Horrelako zerbait ere hemen bideratu daiteke, ez dakit ekologikorantz baina izan daiteke eredu jasangarri batera. Markak erreminta bat dira, ez helburua. Gure helburua da gero eta hobeto eta osasuntsuagoak egitea gauzak.

Askotan «0km» marka identifikatzen dugu elikagai on bat balitz bezala.

Zero kilometro horrekin ekoizpen modu intentsiboak justifikatu nahian dabiltza. Adibidez, Araba hegoaldean sei hektareako produkzio industrial bat eraikiko du enpresa portuges batek, tomate hidroponikoa ekoizteko. Honekin, justifikatuko dute lanpostuak sortuko dituztela –ikusi beharko da ze baldintzatan– baina baserritar txikien lana pikutara joango da. Hori gutxi ez eta, esango dute produktu hori lokala dela. Lokala izateaz gain, beste ezaugarri batzuk kontuan hartzen ez baditugu, erosleari iruzur egiten gabiltza.

Asanbladako testuan adierazten zen gehiago begiratzen dela publizitatera elikagaiak balioan jartzera baino.

Kanpaina komertzial asko daude, iraunkorrak diren produktuen artean desberdintasunak nabarmentze aldera, baina produktuaren barnean sakondu gabe. Erabiltzen dituzten bideak nahiko intentsiboak direlako. Animalia ia gehienak pentsu transgenikoz elikatzen dira eta kontsumitzaileak ez daki.

Prezioen inposizioak baserritarren bizi kalitatean nola eragiten du?

Merkatu sistema global horretara sartzen bazara ez dago besterik. Kooperatibak jartzen dizun prezioa Chicagoko Burtsan erabakitzen da. Bertan finkatzen da zenbatean dagoen aurten zereala edo almendra. Sistema horretan sartuta daudenak Europatik jasotzen dituzten laguntzetatik bizi dira, hektareen arabera banatuta. Jubilatzean, baldintza kaskarrak dituztenean, funtsezko dute laguntza horiek kobratzen jarraitzea. Elikagaien prezioen bitartez biziraun nahi dugu, ez laguntza ekonomikoekin. Prezio duinak nahi ditugu.

Zergatik ez dira sistema horretatik irteten?

Oso eredu intentsiboak dituztelako. 100 edo 200 behi badituzu esne ekoizten, ezin zara egun batetik bestera pasatu azoketara. Bolumen hori ez du inork bere egingo. Industria txikiagoa behar duzu horretarako, transformatu egin behar duzu. Politika integralak behar dira. Batzuek errekonbertsioa egin dute: produkzioaren erdia industriara bideratu eta bestea salmenta zuzenaren bidez. Baina merkatu handia behar du. Beste batzuk 10 behirekin soldata bat ateratzeko gai dira. Baina ziklo guztia zeuk egin behar duzu.

Zergatik ez dago hiltegirik hemen?

Urte batzuetan desagertu dira eskualdeetan genituen erreminta guztiak. Interesagatik desagertu dira. Guztia zerbait handia egiteko biltzea da joera, agian errentagarriagoa delako ekonomikoki, baina ez sozialki. Animalia horiek garraiatzeko pisua baserritarrek dute eta administrazioak ere onartu du hiltegirik gabe ezin dugula aurrera egin sektore askotan, baina ez dago konpromisorik. Badirudi sektorea hiltzen utzi nahi dutela eta handiak geratzen direnean, orduan egingo dute hiltegi erraldoi bat.

Nekazaritza eskolak beteta daude. Eskoletan txertatzeko planak funtzionatzen badu, zergatik ez du jarraitutasunik?

Sistema osoak huts egiten du. Eredu agroekologikoan oinarritzen diren eskolak beteta daude, baina ez administrazioak horretan sinesten duelako, baizik eta eskaria horretara bideratzen joan delako. Jende gazte pila bat hurbildu da eskoletara esanez agroekologia ikastaro bat egin nahi duela eta eskaini egin behar izan dute eredu hori. Gizartearen atzetik doaz. Kontsumitzaileen aldetik eta sektorean txertatu nahi duten gazteen aldetik, eredu ekologiko eta iraunkorrenganako fedea dago eta jendea badago.

Formazioaz aparte, lurrerako sarbidea behar du. Aurreneko urteetan ere laguntza moduko bat jaso behar dute sektoreko pertsonengandik, esperientzia batzeko eta egunerokoaren zailtasunez jabetzeko. Nekazaritzan klimatologiak eragin handia du. Zuk egin ditzakezu kalkuluak baina minutu batzuetako kazkabarrarekin dena zapuzten da.

Egia da ere bai, kulturalki, herri honetan lurra erosteko ohitura dagoela, alokairuan hartzea baino, propietatea edukitzea beti gehiago baloratu delako. Eta hori zailtasuna da, askotan lurrak ez baitira zuzenean saltzen.

Basogintzan ere badago arazoa.

Basogintzako kudeaketari buelta bat eman behar zaio eta ulertu behar da monolaborantzak ez diola inori mesede egiten. Urte batzuetan posible da errentagarria izatea, baina ingurumenarekiko oso gaiztoak dira. Oso tristea litzateke, orain pinua gaizki doala ikustean, beste monolaborantza batera aldatzea; adibidez eukaliptora, are arriskutsuagoa baita. Errentagarritasun ezberdinak dituzten espezieak erabil daitezke.

Pinuen ekoizpena burtsarekin alderatu izan ohi da.

Espekulazio asko egon da. Eta tranpa egon da. Esaten da Euskal Herriak baso eremu handia duela baina egiatan espezie batekoa da. Biodibertsitatearen diskurtsoa saltzen digutenean, ez da hainbesterako. Batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Urte batzuetan errentagarritasuna eman du, batez ere baserritar txikiei, hori hala da. Baina duela urte batzuetatik ohartarazten gabiltza beste kudeaketa bat beharrezkoa dela. Beste esperimentu batzuk behar ditugu esperientzia positiboak eratzeko.

Pinuekin errentagarritasun handia atera duen bati nola konbentzitu eukaliptoa ez landatzeko?

Zure baso txikia aldatzen baduzu baina ez badago zerrategi bat hori transformatuko duenik, zaila da. Ziklo guztia aldatu behar da. Eta eraikuntzan ere planteatu beharko da beste espezie batzuen egurraren erabilera. Ez baldin badago kudeaketa plan integrala egurgintza eta basogintza sektorean... Galizian gaztainen sektore oso bat dago. Udalek egin ditzakete politika publikoak. Arratian eta Gipuzkoan pinudien baso lurrak erosten dabiltza beste espezie batzuk landatzeko eta baso osoago bat edukitzeko. Adibide positiboak behar ditugu.