NAIZ

Galdakao eta Usansoloko ospitalea metroarekin lotzeko lanak 2021an hasiko direla dio Rementeriak

Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusiak, Galdakao eta Usansoloko ospitalea metroarekin lotzeko tren konexioari buruzko xehetasun gehiago eman ditu. Lehenengo faseko obrak 2021an hasiko direla ziurtatu du.

Unai Rementeria Bizkaiko Batzar Nagusietan. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).
Unai Rementeria Bizkaiko Batzar Nagusietan. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).

Unai Rementeriak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuarekin batera, Galdakao eta Usansoloko ospitalea metroarekin lotzeko tren konexioa aurkeztu zuten urtarrilaren 16an. Proiektu berriak, metroaren 5. lineraren proiektua baztertzen zuen eta gaur, Batzar Nagusietako osoko bilkuran xehetasun gehiago eman ditu Rementeriak.

Obrak gauzatzeko erabakia «zorroztasunez, modu errealistan eta etorkizunari begira» hartu dela nabarmendu du, eta esandakoa betetzeko konpromisoa dutela ziurtatu du.

Obra bi fasetan egingo da. Lehenengo fasean Galdakaoko erdigunea eta Usansoloko ospitalea lotuko dira tunel baten bitartez, eta gero Busturialdetik eta Durangaldetik datorren Euskotreneko linearekin konektatuko dira biak.

Rementeriak azaldu du, amaitzen denean, unitateak metroaren maiztasunarekin ibiliko direla tarte horretatik. Era berean, azpimarratu beharra dago, lehenengo fase horren bitartez, Galdakao eta Usansoloko ospitalea konektatuta egongo direla Bilborekin, eta ez dela Galdakao eta Basauri arteko lotura amaitu arte itxaron beharko.

Zati hori obraren bigarren faseari dagokio, non Sarratuko geltoki intermodal berri batean metroko beste hiru lineekin konektatuko duen. Rementeriak azaldu duenez, trazadura erabakitzeke dago oraindik, eta oraintxe egiten ari diren informazio-azterlanaren bitartez zehaztuko da.

Bi aukera daude Galdakao-Sarratu zatirako. Lehenengoa 5. linearen trazaduratik igaroko da, Bengoetxe eta Aperribaitik zehar. Informazio-azterlanaren bitartez zehaztuko da ea bi auzoetan jarriko diren geltokiak. Dena den, Rementeriak argi azaldu du Udalaren inplikazioa beharrezkoa izango dela.

Ahaldun nagusiak lehenengo aukeraren abantailak nabarmendu ditu: linean Busturialdeko eta Durangaldeko bidaiariak barne hartuko dira, eta Euskotrenen gaur egungo bidea erabili ahal izango da obrak egin bitartean Bilborekin konektatuta egoteko.

Bigarren aukera gaur egungo Euskotrenen bidea erabiltzea izango litzateke, eta linea lurperatu Basauritik igarotzen den tartean. Lurperatzea justifikatzeko, Rementariak azaldu du orain dauden trenbide pasaguneekin ezin izango litzaiokeela metroaren maiztasunari eutsi; izan ere, praktikan beti egon beharko lukete itxita.

Aurreikusitako epeei dagokienez, bi faseen informazio azterlana aurten egongo da prest, eta eraikuntza proiektua, berriz, 2020 urtean egikarituko da. Hori dela eta, 2021an hasiko dira lehenengo faseko obrak. Horretarako, Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak duten konpromisoa nabarmendu du, 2021eko aurrekontuetarako diru partidak gorde dituztela ziurtatuz.