naiz
elgoibar

PuntuEUS fundazioaren egoitza nagusia Elgoibarren kokatuko da

Hamar urterako hitzarmena sinatu dute Elgoibarko Udalak eta PuntuEUS fundazioak, azken honen egoitza nagusia Elgoibarko Altzolatarren Dorretxean kokatzea adostuz.

Hamar urterako hitzarmena sinatu dute Elgoibarko Udalak eta PuntuEUS fundazioak. (PuntuEUS)
Hamar urterako hitzarmena sinatu dute Elgoibarko Udalak eta PuntuEUS fundazioak. (PuntuEUS)

Ane Beitia Elgoibarko alkateak eta Iñaki Goirizelaia PuntuEUS Fundazioaren lehendakariak hamar urterako hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horri esker, PuntuEUS Fundazioaren egoitza nagusia Elgoibarko Altzolatarren Dorretxean kokatuko da.

PuntuEUS Fundazioa 2012an sortu zen, Donostian, ICANNen aurrean .EUS domeinuaren eskaria aurkezteko. 2014an domeinua errealitate bihurtu zenetik, .EUS kontrolatu eta administratzeko ardura duen erakundea da. Aurten beteko dira 5 urte lehenengo .EUS webguneak sareratu zirenetik, eta, oha baten bidez jakinarazi dutenez, «gertu» dago 10.000 domeinu-izen lortzea.

Ingurune digitalean euskara «lehen mailako hizkuntza» izan dadila du jomuga PuntuEUS Fundazioak. «Domeinuaren bidez, euskara ingurune digitalean baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea da helburu nagusia», azpimarratu dute.

Elgoibarko Udalak bat egiten du PuntuEUS Fundazioaren helburuekin, eta «begi onez» ikusten du lankidetza-hitzarmen bidez Altzolatarren Dorretxeko lehen solairua PuntuEUS Fundazioari uztea, bere jarduera gauzatu dezan.

Elgoibarko Udala da Altzolatarren Dorretxearen jabea. Dorretxe bat da, XVII. mendean eraikia. Eraikina XX. mendearen bukaera aldera eraberritu, eta monumentu izendatu zuten, duen balio historiko eta artistikoagatik, 1964ko urtarrilaren 17ko aginduaren bidez.

Ingurune digitala jomugan

Kokapen berri honi esker, egiten duen lanak «Elgoibarko herrian eragina» izatea nahiko luke PuntuEUS Fundazioak. «Elgoibarko eragile eta herritarrekin elkarlanean ingurune digitalean eragitea, euskararen erabilera sustatzeko».

Abiapuntu gisa, Elgoibarko Izarrarekin eta Elgoibarko Udalarekin elkarlanean, 11. ‘Euskara ala Ezkara’ jardunaldia antolatzen parte hartuko du PuntuEUSek. Euskarari eta euskal kulturari lotutako jardunaldiak ingurune digitala izango du ardatz aurtengo edizioan.