Maite UBIRIA

Elkartasunean oinarrituriko politika soziala aldarrikatu du LAB sindikatuak, Baionan

Gizarte zerbitzuetan lan egiten duten sektore sozio-sanitarioko hainbat langilek agerraldia egin dute, gaur eguerdian, Baionan, pertsonak helburu izanen duen politika soziala aldarrikatzeko. Eskualde zein Departamenduko arduradunengana zuzendu dira, gehienbat, baliabide gehiago eskatzeko, langileen zein horiek zaintzen dituzten pertsonen bizi-baldintzak hobetsiz.

Sektore sozio-sanitarioan jarduten duten langileen agerraldia. @GuillaumeFAUVEAU
Sektore sozio-sanitarioan jarduten duten langileen agerraldia. @GuillaumeFAUVEAU

Zahar-etxeak, bazterketa arriskuan diren pertsonekin jarduten duten zerbitzuak, gazteen sostengu psiko-soziala bermatzen dituzten egiturak... Sistema sozio-sanitarioaren argazkia zinez anitza bada ere, enpresa eta elkarte horietan jarduten duten langileek «eta ondorioz beraiek zaintzen zituzten pertsonek ere» egoera larria bizi dutela agerian utzi dute, gaur, Baionan.

LAB sindikatuak antolaturiko agerraldiaren bidez, argiki adierazi nahi izan dute «ez gu, ezta guk zaintzen ditugun pertsonak ere, ez garela zenbaki bat». Era horretan, Eskualdeko Osasun Agentzia (ARS) zein Departamenduko zerbitzu sozialen aurrean «larrialdi deia» egin dute.

Azaldu dutenez, «azkenaldian jasan behar izan ditugun zuzendaritza aldaketek helburu bat baizik ez dute, gero eta gehiago egin behar dugu geroz eta diru eta baliabide gutxiagorekin».

Lan erritmo azkarrek eta oro har lan baldintzen prekarizazioak eraginak badituztela bai beharginen bizi baldintzetan baita langileek ematen dituzten zerbitzuen kalitatean ere adierazi dute.

Kostu murrizketa

Lan osasunean jarri dute bereziki arreta. Izan ere, kostu murrizketak lehenetsi dituzten lan antolaketa horien ondorioz «laguntzen ditugun pertsonekin akatsak egiteko lanjera emandatzen dela» ohartarazi dute ere bai.

Azkeneko hilabeteetan adinekoen egoitzetan lan egiten duten langileek eginiko oharra aintzat hartuz, beraien esperientziarekin osatu dute «ez, ezin da zazpi minututan adineko pertsona bati garbiketa egin; eta, ez, ez ezin da 15 minututara mugatu zailtasunean dagoen gazte bat entzuteko bilera».

Pobrezia egoeran bizi diren Atherbea elkartean lan egiten duten langile bi, Barek Abdenouri eta Pierre Lavigne, izan dira gaurko agerraldian. Izan ere azkeneko hilabeteetan Labo APSP edota LRA egituretako langileek burutu dituzten protestak gogoan izan dituzte biek ala biek.

Sektore sozio-sanitarioa krisian dagoela nabarmenduz, egitura ezberdinetan jarduten duten langileak antolatzeko deia luzatu du, azkenik, Argitxu Dufau LABeko ordezkariak.