Naiz

Lehen Arretako osasun zentroen ordutegi murrizketekin bukatzeko exijitu du LABek

Osakidetzak Lehen Arretako zentro batzuen itxiera orduak hiru ordu edo, kasu batzuetan, bost ordu aurreratu nahi dituela ohartarazi du sindikatuak.

Lehen Arretako langileriak maiatzean Donostian eginiko protestaren irudia. (Gorka RUBIO/FOKU)
Lehen Arretako langileriak maiatzean Donostian eginiko protestaren irudia. (Gorka RUBIO/FOKU)

Lehen Arretako hainbat zentoen itxiera orduak 20.00etan izan beharrean, 15.00etan edo 17.00etan izango dira uda garaian. Hala jakinarazi du LABek, baina informazioa zentroen ateetan eta Osakidetzak webgunean argitaratutako oharrean ere ikus daiteke.

Sindikatuaren ustetan, «baliabideak arrazionalizatu eta langileen oporrekin bat egiteko aitzakiapean» harturiko erabakia da honakoa eta beharginen oporraldiak betetzeko ordezkapenik ez dagoela erabili dute argudio gisa: «Osakidetzaren zuzendaritzak aldebakartasunez eta arduragabekeriaz hartutako neurria da hau».

Neurri honek Osakidetzako langileriari zein erabiltzaileei kalte egiten diela azpimarratu du eta beraz, «euskal osasun publikoaren kaltetan doan erabakia» dela. Horregatik, zerbitzu publikoen murrizketak eten ditzatela exijitzen du. Itxiera ordutegiaren aurreratzeari ez esan eta langileak kontratatzeko eskera egin du ohar baten bitartez.

Hiru greba jardunaldi

Lehen Arreta zerbitzuko langileek hiru greba jardunaldi egin zituzten, ‘Denbora gabeko arreta, arrisku arreta’ lelopean eta LAB kexu da, honi aurre egiteko zuzendaritzak hartu duen irtenbide bakarra medikuei aparteko orduak ordaintzea izan delako, «60,65 euro ordu bakoitzeko».

Ekografia bat egiteko 3 hilabeteko itxaron zerrenda dagoela, errehabilitazioa egiteko 6 hilabetekoa edo basektomia ta lo probak egiteko urtebete zain egon beharra dagoela ohartarazi zuen. «Ez dugu onargarritzat ematen, hauek dira EAJk ezarritako politika neoliberalen fruituak», iritzi du.