Naiz
Pasaia

Atungorriaren ugaritasunaren adierazle berri bat lortzeko kanpaina gauzatu du Aztik

Azti ikerketa zentroak BFT Index kanpaina gauzatu du ekainean zehar, Bizkaiko golkoan atungorriaren ugaritasunaren adierazle bat lortzeko. Aurtengoa bosgarren edizioa izan da eta datozen hilabeteetan emango dute lehenengo indizearen berri.

Atungorriak gehiegizko ustiapena izan zuen 1990etik 2008ra bitartean.(Pablo Chacon/7K)
Atungorriak gehiegizko ustiapena izan zuen 1990etik 2008ra bitartean.(Pablo Chacon/7K)

Azti ikerketa zentroak gauzatu duen BFT Index kanpainari esker, tresna akustikoen metodoari esker ere lortzen den adierazlearekin atungorriaren stock-aren ebaluazioa egin daiteke. Hala, orain arte arrantzalekuen ahalegin unitateko harrapaketa datuetan oinarritzen zen estatistika partzialez haragoko datuak lortu daitezkeela jakinarazi dute ikerlariek.

Honekin, «atungorriarriaren stockaren ebaluazioan aurrerapauso bat eman» delakoan daude. Tresna akustikoen bitartez, prospekzio aktiboa egiten da, baita neurrien laginketa ere. Espero dute, pixkanaka gazteen ugaritasun indizea osatuz eta ordezkatuz joatea. «Stockaren ebaluazioak ezinbestean eskatzen du elikadura eremtuetan atungorriaren ugaritasunaren datu ez-partzialak eskainiko dituzten adierazlea edukitzea», ziurtatu du Nicolas Goñik, Aztiko BFT Index proiektuaren arduradun teknikoak.

2015etik grabatutako datuak aztertu ondoren, eremuko atungorri gazteen banaketaren eta ugaritasunaren lehenengo indizea lortuko dutela azaldu du Aztik. «Adierazle horri esker, epe ertainean, arrantzalekuarekiko independentea den tresna bat izango dugu eskura eta Bizkaiko golkoko atungorriaren ugaritasunean izango diren aldaketak aurreikusi ahal izango ditu», zehaztu du Goñik.

Atungorriaren jasangarritasuna

Atungorriak –edo zimarroiak– gehiegizko ustiapena izan zuen 1990tik 2008ra eta espeziearen etorkizuna ezbaian jarri zen orduan. Zimarroiaren jasangarritasuna kudeatzeko ahaleginetan hasi ziren erakundeak, horren adibide da Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak (ICCAT) abian jarritako lehengoratze plana.

Espezie hau modu iraunkorrean kudeatzeko saiakerek ez dute etenik izan Aztiren arabera eta honen barnean kokatzen du aurten bosgarren edizioa bete duen BFT Index kanpaina, Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak sustatutako ekimena. Aurten, ekainaren 14tik 22ra bitartean egin da Bizkaiko golkoan, "Nuevo Horizonte Abierto" Hondarriko itsasontzian.

Aztik azpimarratu duen legez, espeziea pixkanak lehengoratzeko, beharrezkoa da arrantzalekuen kudeaketa hobea. Iaz, ICCATek hainbat urtetarako onartu zuen kudeaketa plana goraipatu du ikerketa zentroak, bertan jasotzen diren «hobekuntzen» artean nabarmentzen ditu harrapaketa sasoien malgutzea eta urteko arrantza planetan artisau ontziak txertatzeari jarritako mugak desagerraraztea.