Maite Ubiria

Migranteek pairatzen dituzten eskubide urraketengatik protesta egin dute Hendaian

Pertsona migranteek pairatzen dituzten eskubideen urraketak salatzeko mobilizazioak deitu dituzte gaur frantziar Estatuko hainbat hirietan. Alerta egoera irudikatzeko Calaisen, Dunkerquen, Briançonen eta Mentonen bezala Hendaian elkarretaratzea egin duten une berean suhiltzaileek beren sirenak entzunarazi dituzte. Hendaiako Topo geltokitik manifestazioan abiatu dira ekintzaileak Santiago zubiaraino, polizikideak ondoan zirela.

Hendaiako Topo geltokitik abiatu da protesta. (Maite UBIRIA)
Hendaiako Topo geltokitik abiatu da protesta. (Maite UBIRIA)

Cimade, Mugarik gabeko Medikuak, Amnesty International, Munduko Medikuak eta Secours Catholique-Caritas elkarteek zabalduriko deialdiari jarraituz mugetatik gertu dauden bost hiritan protesta ekimenak egin dituzte gaur eguerdian. Gaurko ekitaldiaren deitzaileen ondoan Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Irungo Harrera sareko kideak izan dira.

Elkarrearatzea egiten zuten bitartean suhiltzaileen sirenen hotsak entzun dira, migranteek pairatzen dituzten eskubideen urraketen aurrean alarma pizteko xede.

Hasiera batean Topo geltokiaren aurrean elkarretaratzea egin dute, Hendaian. Frantses poliziak auzo berean duen komisaldegiaren ondoan kokatzen da Migranteak Atxikitzeko Zentroa (CRA, frantsesez).  Bertatiik «inor ez dela ilegala» oroitarazi eta migranteendako «pasabide seguruak» galdegin dituzte ekintzaileek.

Bertatik abiatu dira gero, Santiago zubirantz, polizikideak ondoan zituztela. 

Hain zuzen ere, iragan ostiralean bost migratzailek ihes egin zuten aipaturiko zentrotik, beste behin ere inolako deliturik egin gabe, bertan atxikitzen dituzten herritarrek pairatzen duten egoera latza agerian utziz. «Frantziak haurrak jazartzen ditu» edo «Zuzenbide gabeko eremua» zioten afitxak erakutsi dituzte bertan. Egoera horren aurrean, «eskubide guztiak pertsonal guztientzat» aldarrikatu dituzte.

Bost pertsona horiek -horietako batek bere bizitza arriskuan eman zuen Bidasoa igerika zeharkatzen ahalegindu zenean- ostiralean bertan atzeman zituzten. Astelehenean Baionako auzitegian iragan zen epaiketa azkar baten bidez bost iheslari zigortu egin zituzten.

Gaurko mobilizazioaren deitzaileek nabarmendu dutenez, oso mota ezberdineko eskubideen bortxaketak gertatzen dira muga eremuetan.

Horien artean honako hauek aletu dituzte: osasun eta gizarte arloko dispositiborik falta, migranteek beraien burua babesteko eratzen dituzte behin-behineko aterpeen suntsipena, pertsona hauek asilo eskaerak egiteko orduan ezartzen zaizkien oztopoak, adin gabekoek jasaten duten babes falta, eta, baita ere, haien zeharkaldi osoan zehar herritar hauek jasan behar dituzten jarrera bortitzak.

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Irungo Harrera sarea

Era berean, arau eta lege ezberdinen bidez migranteak laguntzeko jarduten duten pertsona eta elkarteen aurkako jazarpena nabarmendu dute. Gaurko ekitaldiaren deitzaileen ondoan Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Irungo Harrera sareko kideak izan dira.

Aipaturiko elkarteek eskaera zehatza luzatu dute berriki, frantses Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat plantan ematea galdegin baitute.

Giza eskubideen urraketak agerian uzteaz gain proposamen horren bitartez pertsona migranteen oinarrizko eskubideak bermatzeko xede neurri zehatzak plantan ematea eskatu dute.