NAIZ
DURANGO

120.000 bisitari jaso ditu Durangoko Azokak

Ateak itxita, zenbakiak ere argitu dira. Orotara, 120.000 bisitari jaso ditu aurten Durangoko Azokak, iaz baino 5.000 lagun gehiago. Kontuan hartzekoa da, gainera, 54. edizioak egun bat gutxiago izan duela. Antolakuntzak oso balorazio ona egin du hitzordu kulturala «emankorra, orekatua eta oso jendetsua» izan delako.

Datuak behin behinekoak dira, baina irakurketa baikorra egin dute. (Marisol RAMIREZ I FOKU)
Datuak behin behinekoak dira, baina irakurketa baikorra egin dute. (Marisol RAMIREZ I FOKU)

Durangoko Azokak itxi ditu ateak. Antolakuntzatik adierazi dutenez, azken edizioa «gora-beherarik gabe» igaro da eta «giro ona izan da nagusi» Azokako espazioetan zein Azokatik kanpo ere.

Bisitari kopuruari dagokionez, 54. edizioa «oso jendetsua izan da», eta egun guztien artean orekatua. Abenduaren 6a eta 7a izan dira egunik jendetsuenak, gaur arratsaldeko datuen faltan. Abenduaren 5eko goiza, Ikasle Goiza hain zuzen ere, oso jendetsua izan zen, arratsaldea berriz izan da guztietan lasaiena jende kopuru aldetik.

Datu zehatzei dagokionez, beraz, aurtengo hitzordu kulturalak 120.000 bisitari jaso ditu, iaz baino 5.000 gehiago. Zenbaketaren arabera, abenduaren 6a izan da egunik jendetsuena, 39.000 bisitarirekin.

Datu horiek Landako Guneari erreferentzia egiten diote, «baina Durangoko Azoka ez da bakarrik pabiloira mugatzen», gogoratu dute antolatzaileek. Lau egunez Durangoko Azokako gune guztiak egon dira jendez lepo, eta baita Durangoko kale eta tabernak ere. Horren adibide da, esate baterako, Durangoko Azokak antolatzen duen autobus-zerbitzuak izan duen erabiltzaile kopuru handia. Aurten 5.700 lagunek erabili du doako lanzadera zerbitzua; iazko kopurua handituz.

Beste espazioetan

Durangoko Azokako zazpi guneek ere «oso modu positiboan» egin dute balorazioa. Szenatokian aipatu dutenez, gunea «mikrotik makrora» igaro da eta Antzerki eta Dantza Laburren Jaialdia oso arrakastatsutzat jo dute, batik bat larunbateko eguna, 1.000 ikuslerekin. Ostiralean ere, Kukai Dantza Taldearen ‘Erritu’ ikuskizunarentzat sarrerak agortu ziren.

Beste hainbeste Irudienea-tik. 1.800 ikusle baino gehiago izan dituzte, eta Zugaza zinemetan izan duten «familia giroa» azpimarratu dute. Atzo eskaini zen ‘Apaiz kartzela’ lanaren emanaldia izan da jendetsuena, aretoa bete baitzen.

Kabi@n aurkeztu diren «proiektu eta eztabaiden ausardia» nabarmentzeaz gainera, Saguganbara «azken urteetako anitzena» izan dela baieztatu dute «bai pasatu diren artistei, kultur disziplina ezberdinei edo bisitariei dagokienez».

Gogoetaren Plazaren kasuan ikusi dute «azokazaleen joan-etorria gorabeheratsua» izan dela, saioaren arabera. Eztabaidarik jendetsuena eta interes gehien piztu zuena atzo arratsaldekoa izan zen, «euskara integrazio hizkuntza» hizpide zuena.