naiz

Etxera itzuli eta konfinatzeko agindua, baina etxera itzuli ezin

Espainiar enbaxadaren gomendioz, oporrak amaitu direlako edo egoerak behartuta, asko dira azken egunetan atzerritik Euskal Herrira itzuli diren herritarrak. Beste asko, baina, saiakera horretan daude eta bidean oztopo ugari topatzen ari dira. Indonesian eta Lanzaroten dauden bi herritarren bizipenak dira hauek.

Vuelingekin itzultzeko arazoak izaten ari dira hainbat herritar. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Vuelingekin itzultzeko arazoak izaten ari dira hainbat herritar. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Koronabirusaren ondotik mugen itxiera etorri da eta hiritarren mugimendua murriztu. Etxean egoteko agindua dute herritarrek. Baina badira etxera iritsi ere ezin direnak. Euskal Herritar ugari daude gure mugetatik kanpo, etxera itzuli nahian, baina hori egiteko modurik topatu ezinda.

Maddi Amiano, 27 urteko altzotarra, Balin dago, Euskal Herrira itzultzeko arazoekin. NAIZ Irratian egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, urtarriletik dago Indonesian, eskola batean boluntario bezala lanean ete berez ekainera arte geratzeko asmoarekin joana zen, baina koronabirusaren krisia medio, etxera itzuli nahian dabil.

«Orain dela astebete espainiar Gobernuak esan zigun ahalik eta azkarren itzultzeko. Hori entzunda hegaldiak hartzen hasi ginen, baina oztopoak eta oztopoak baino ez ditugu topatu. Hiru hegaldi bota dizkigute atzera eta bihar beste saiakera bat egingo dugu», adierazi du.

Bertan egoera, momentuz, ez omen da «bereziki larria». Ez dago konfinamendurik eta bizitzak normal funtzionatzen du. «Hegaldiak badaude, prezio altuetan egon ere, baina gero konpainiek bertan behera uzten dituzte». Eta hegaldia bertan behera geratzen ez bada, espainiar Estatukoak izateagatik arazoak gehitzen zaizkie. Lehen hegaldian Singapurren egin behar zuten transitoa eta hori ere debekatu egin zieten espainair Estatuko guztiei.

Lakua eta Madrilgo gobernuekin egoera konpontzen saiatu dira. «Lakuak informazio gutxi duela esaten digu eta kontuz ibiltzeko. Baina ez digute soluziorik ematen. Enbaxadatik ere azkar egiteko eta zein konpainairekin egin aholkatzen digute, baina gero bertan behera uzten dituzte».

Larunbat gauean, Amianok eta beste lau euskal herritarrek hegaldi berri bat dute aurreikusia. Dohara eramango ditu eta bertatik Madrilera. «Itxaropentsu gaude. Momentuz ez dute ezeztatu. Orain arte denbora tarte gehiagorekin egin dute». Hala ere, oraingoz, Madrildik Euskal Herrira itzultzeko biderik ere ez dute topatzen.

Lanzarotetik ere, arazoak

Alarma estatua ezarri zenean Lanzaroten oporretan zeuden Euskal Herriko 20 bat turistak ere bertan jarraitzen dute, etxera itzuli ezinik. Gaur Lakuari laguntza eskatu diote, haien itzulera kudeatu dezan. Espainiar Gobernuak hotelen itxiera agindu du eta horrek kalean utzi ditzakeela nabarmendu dute.

Konpainia ezberdinak hegaldiak bertan behera uzten ari dira. Europa Pressek euskal herritar hauetako batzuen testigantzak jaso ditu. Mikel Latorre gasteiztarra bikotea eta 15 hilabeteko semearekin batera dago Lanzaroten. Arabar hiriburura martxoaren 16an itzultzea zuten aurreikusia, baina Vueling konpainiak bertan behera utzi zuen. Beste hiru helgadi ere erreserbatu dituzte ondoren, baina bata bestearen atzetik ezeztatu dizkiete: «Vuelingek lehen hegaldiaren dirua itzuliko digutela esan digute eta Ryanairrek beste hegaldi batean kokatzeko saiakera egingo duela», jakinarazi du.

Sare sozialen bitartez elkartu dira bertan, egoera berean, dauden beste 20 bat euskal herritarrekin. Ferry baten bidez itzultzeko ahalegina ere egin dute. «35 orduko bidaia da eta 15 hilabeteko haurra dugu, baina ez dakigu beste zer egin», adierazi du Latorrek.

Kanarietako Gobernutik beste hotel batzuetan kokatzeko lanetan ari direla jakinarazi diete. Aireportuan lo egitea ere ez dute baztertzen. Hori dela-eta, Lakuako Gobernuari konponbide bat eskatu diote.

Perun, «inor ez da gurekin gogoratzen»

Europa Pressek ere, Perun dagoen bikote bizkaitar baten berri eman du. Liman daude eta oporrak antolatu zizkien agentzia «desagertuta» dagoela salatu dute. Espainiar enbaxada, era berean, 10 egunez itxita dagoela jakinarazi dute.

Egun hauetan, europarrak izateak zailtasunak sortu dizkiela nabarmendu dute eta lo egiteko tokia kostata lortu zutela.

Beste estatu batzuek haien herritarrak etxeratzea lortu duten arren, Madrilgo Gobernuak ezer gutxi egin duela-eta, kexu dira. «Inor ez da gurekin gogoratzen».