Maddi TXINTXURRETA
Interview
Maddi LERTXUNDI

«Horrelako egoera batean etxean egotea baino gauza hoberik ez dago»

Maddi Lertxundi (Zarautz, 1995) otsailaren 25ean Sri Lankara joan zen, lagun batekin. Orduan ez zuten espero koronabirusak nola aldatuko zuen egoera Euskal Herrian, baina egun batzuen buruan, hegaldia aurreratu zuten, itzulera zalantzan baitzuten.

Maddi Lertxundi. (NAIZ)
Maddi Lertxundi. (NAIZ)

Duela hogei egun pasa joan zineten Sri Lankara. Aurreikusten zenuten orduan orain Euskal Herrian dagoen egoera? Sri Lankan ba al zegoen koronabirusak kutsatutako inor?
Gu joan ginenean, Euskal Herrian ez zegoen inor kutsatuta, eta ez genuen gertu ikusten egoera hau. Sri Lankan kutsatu bakarra zegoen, eta isolatuta. Hemengoek esaten ziguten beldurra ematen ziela bidaiak, batez ere aireportu desberdinetan egon behar ginelako. Baina guk jakin genuenean Sri Lankan pertsona bakarra zegoela kutsatuta eta birus honek 27 gradutik gora ez duela irauten, ez genuen han egoteko beldurrik izan. Egia da aireportuetan harritzen gintuela jendea maskararekin ikusteak, ematen zigun errespetu puntu hori.

Bilbotik atera ginen, eta han dena normal zegoen, baina Bartzelonan jende pila bat ikusi genuen maskararekin. Gero Qatarrera iritsi ginen, eta han ere hamar pertsonatik sei maskararekin zeuden. Umeak, helduak, denak. Baina gu lasai geunden. Hemengoak arduratuta zeuden guregatik hara gindoazelako.

Sri Lankako aireportura iritsi ginenean, ikusten genuen jendea maskararekin, baina oso gutxi. Eta aireportutik atera ginenean, egoera normala zen. Koronabirusa ez zen aipatu ere egiten. Turistaren batek esaten zigun zeozer, baina bestela ezer.

Nola eragin zizuen koronabirusa Euskal Herrira iristeak?
Hasieran, egia esanda, pixka bat txiste bezala hartu genuen. Azken finean, hemengo denek esaten ziguten ez zela garairik onena joateko, eta konturatu ginen bertakoek arrisku gehiago zutela. Esaten genuen, «begira, gu hobeto gaude, edo arrisku gutxiago daukagu hemen».

Lehenengo jakin genuen koronabirusa Errioxan sartu zela. [Euskal Herritik] Gertu ikusten genuen, baina oraindik beldurtu gabe, lasai. Egoera hau ez genuen aurreikusten, ez nuen pentsatzen hau etorriko zenik. Txinakoa entzuten genuenean oso urruti ikusten genuen, Italiara iritsi ginenean bagenekien ez zela inongo broma, baina orduan oraindik ez genuen uste guregana horrela etorriko zenik.

Ikusi genuenean Gasteizen kutsatutako hainbat pertsona zeudela arduratzen hasi ginen, ez beldurtzen, baina ikusten arazo bat izan zitekeela. Bertakoentzat, zeren guk bagenekien han ez ginela kutsatuko.

Zergatik erabaki zenuten hegaldia aurreratzea?
Hara iritsi eta hamar bat egunera, mugikorra hartzen genuen eta dena koronabirusa zen. Martxoaren 24an itzuli behar ginen, eta martxoaren 10ean, gauean, koronabirusaren albisteak entzuten ari ginen. Gasteizen pila bat ziren kutsatutakoak, Gipuzkoan ere agertu zen kasuren bat, eta gerora Euskal Herri guztia hartu zuen. Arduratu egin ginen. Egun horietan albisteak irakurtzen genituen eta beldurtuta geunden, erabaki genuen gau hartan gehiago ez irakurtzea. Baina martxoaren 11n, goizean esnatu ginen eta lagun honen amak idatzi zion esanez mesedez azkar itzultzeko, ez zekielako nola egongo zen egoera aurrerago. Sekulako beldurra geneukan, ez genekien itzultzeko aukera izango genuen edo ez; martxoaren 24an itzuliko ginen, Sri Lankan geratu beharko ginen beste pare bat aste... ez genekien ezer. Bi aukera zeuden: han geratzea eta arriskatzea ea 24an itzuli gintezkeen edo hegaldia aurreratzea. Guk uste genuen hegaldia aurreratuz gero ez genuela inongo arazorik izango itzultzeko. Triste geunden, han ondo geundelako, baina beldurra genuen etxekoak ez zirelako ondo pasatzen ari eta kontatzen ziguten egoera nahiko larria zelako.

Hegaldia aurreratzea erabaki genuen. Baina aireportutik 8-9 ordura geunden, eta hurrengo egunean hegazkina hartzeko denborarik ez zigun ematen. Larunbat gauerako hartu genuen hegaldia. Joan eta etorriko bidaiarako 700 euro baino gutxiago ordaindu genituen, eta hegaldi berria hartzeko 630 euro ordaindu behar izan genituen bakoitzak. Orduan, 600 euro galdu genituen. Baina hegaldia aldatzeak asko lasaitu ninduen, zeren pentsatzea han egon behar genuela beste hamar egun jakin gabe itzultzeko aukera izango genuen edo ez... agonia horrekin ezin genuen han egon hamar egun.

Gero, ostegunean, aireportua zegoen tokira hurbiltzen hasi ginen, Negombo eta Kolonbo artean zegoen. Gu Mirissako kostan geunden, goizaldeko 02.30ak aldean esnatu nintzen eta hiru lagunek idatzi zidaten ea noiz itzuli behar ginen, Quim Torrak laguntza eskatu ziola Espainiari Katalunia isolatzeko. Beldurra biderkatu egin zen, Bartzelonan genuelako eskala. Beldur handiena hori izan zen. Kolonbo, Doha (Qatar), Bartzelona egin behar genuen. Ez genekien Dohatik Bartzelonara joaten utziko ziguten. Duda genuen, Katalunia ixten baldin bazuten, Sri Lankan geratuko ginen Dohara joan gabe, edo Dohara joatera arriskatu, eta ezin bagenuen Bartzelonara joan nola edo ahala moldatu. Beste aukera bat zen dena ondo ateratzea, baina Bilborako hegazkina hartu arte ezin genuen ziurtatu hori.

Guri hemendik kontatzen zigutenarekin imajinatu genezakeen zer egoera zegoen. Egia esanda, han askoz okerrago eraman dut hemen baino, distantzian zaudenean ez dituzulako gauzak zure begiekin ikusten. Harritu nau hemengo egoerak, baina nik uste hemen zegoen beste edozein pertsonari bezala. Harritzen du, baina horrelako egoera batean etxean egotea baino gauza hoberik ez dago.