Asier AIESTARAN

TKE Ligak koronabirusari aurre egiteko protokoloa landu du bere azken bileran

Traineru Kluben Elkarteak udan estropadak jokatzeko asmoarekin lanean jarraitzen du, eta gaur egindako bileran horretarako jarraitu beharreko neurriak azaldu ditu Juan Jose Badiolak, Elkarteko Mediku Zerbitzuen eta Dopinaren Aurkako Zerbitzuen arduradunak.

TKE Ligak egutegia onartzeko egin zuen bilera telematikoaren irudia (EUSKO LABEL LIGA)
TKE Ligak egutegia onartzeko egin zuen bilera telematikoaren irudia (EUSKO LABEL LIGA)

Traineru Kluben Elkarteak (TKE) jakinarazi duenez, estropadak izango dituen uda bati begira lanean jarraitzen dute, eta helburu hori lortzeko bilera telematiko berri bat egin dute gaur goizean elkartea osatzen duten hamabi klubetako ordezkariek eta Zuzendaritza Batzordeko kideek.

Saio horretan, Juan Jose Badiolak, Elkarteko Mediku Zerbitzuen eta Dopinaren Aurkako Zerbitzuen arduradunak, hartu du parte, klubetako medikuekin batera, COVID-19ren aurrean jarduteko protokolo bat lantzen aritu ostean. Argi utzi dute, hori bai, agintariek une bakoitzean diotena errespetatuko dutela eta eurekin elkarlanean ari direla.

Badiolak aurkeztu duen dokumentuan Eusko Label Liga eta Euskotren Ligako arraunlariek jarraitu beharreko neurriak eta protokoloak jorratzen dira, «agintariek kirol jarduerara itzultzea ahalbidetzen duten unetik bertatik “0 kutsadura” premisa nagusia lortzeko».

Ligako ordezkariek ez dute protokoloaren xehetasunik zehaztu nahi izan, oraindik zirriborro bat besterik ez dela argudiatuz eta datozen egun edo asteetan aldaketak egon daitezkeelako, baina NAIZek jakin ahal izan duenez, "0 kutsadura" helburu hori lortzeko ezinbestekoa izango da testak egitea arraunlari guztiei.

Gogoratu behar da TKE Ligak joan den apirilaren 4an egindako batzarrean onartu zuela aurtengo kirol egutegia. Denboraldiak 19 estropada jardunaldi izango lituzke, ekainaren 28an hasita, baina osasun egoeraren arabera aldaketak aurrikusiz: hasiera atzeratu daiteke, baina betiere lehen estropadaren aurretik taldeei entrenatzeko bi aste utziz eta gutxieneko estropada kopuru bat ziurtatuz –hamabi jardunaldi Eusko Label Ligan eta zortzi Euskotren Ligan–.