NAIZ
BILBO

PCR bidez egiaztatutako 38 positibo berri eta hildako bat gehiago Hego Euskal Herrian

PCR test bitartez egiaztutako covid-19 gaitzaren 38 kasu positibo berri zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian azken 24 orduetan (30 Nafarroan, 6 Bizkaian eta 2 Araban), eta orotara, 18.608 dira era horretan antzeman dituzten kasuak. Gainera, izurriaren eraginez beste hildako bat izan da EAEn, Osasun Sailak jakinarazi duenez. Nafarroan ez da hildakorik ezta ospitalizazio berririk erregistratu azken orduetan. 

Osasun langile bat, gaitzak jotako pertsona bat artatzen Gurutzetako ospitalean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Osasun langile bat, gaitzak jotako pertsona bat artatzen Gurutzetako ospitalean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Lakua eta Nafarroako gobernuek emandako datuen arabera, 38 positibo berri antzeman dira PCR test bitartez Hego Euskal Herrian (30 Nafarroan, 6 Bizkaian eta 2 Araban). Hildako bakar bat erregistratu dute, kasu honetan, EAEn. 

Nafar Gobernuak nabarmendu du ez dela hildako berririk izan eta laugarren egunez jarraian ez dela ospitalizazio berririk erregistratu. 

Orotara, Ipar Euskal Herrian orain arte konfirmatutako 10 heriotzekin, 1.980 dira Euskal Herria osoan koronabirusaren eraginez hil diren pertsonak.

Igandean, gaitza antzemateko 1.941 proba egin ziren EAEn: 1.621 PCR eta 320 test azkar. PCR probak detektatzen du pertsona batek une horretan bertan birusa duen ala gaixo dagoen, eta test azkarrak, aldiz, hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezake.

Horrela, PCR bidez baieztaturiko positibo berriak zortzi izan dira (bi Araban eta sei Bizkaian), eta guztira 13.430 daude; test azkar edo serologikoen bidez 12 kasu gehiago antzeman dira, eta orotara 5.369 daude. Modu honetan, 18.799 lagunek eman dute positibo guztira, eta horietatik %86,2 jada sendatuta daude.

Halaber, orain arte 1.467 heriotza zenbatu dira EAEn, horietatik bat igandean. Azkenik, PCR positibodun ospitaleratze berri bat izan da; 48 pertsona daude zainketa intentsiboen unitatean.

Nafarroan, aldiz, 30 positibo berri detektatu dizute PCR test bidez, nahiz eta nabarmendu duten haietako 24k ez daukatela inolako sintomarik.

PCR bidez 5.178 kasu positibo zenbatu dituzte Nafarroan eta beste 3.157 test azkarrekin (12 berri igandean), orotara 8.335.

503 pertsona zendu dira Nafarroan osasun krisia hasi zenetik eta 3.905 dira osatu direnak (kutsatuen %46,85).