Juantxo EGAÑA

Euskararekin oso lotura estua zuen Luis Luziano Bonaparte

Luis Luziano Bonaparte (1813-1881) Napoleon Bonaparteren iloba zen. Bigarrenez, Marie Clemence Richard zuberotarrarekin ezkondu zen, euskalkiak eta euskal toponimia ezagutzen zituenarekin. Historialari batzuek Antoine d 'Abbadie lagunaren bitartez 1855ean Londresen egindako topaketa batean kokatu zuten Bonapartek euskararekiko zuen interesa, baina 1856ra arte ez zen Euskal Herrira lehen aldiz etorri, eta garai hartako euskararen aditu garrantzitsuenetako batzuekin adiskidetasun eta lan harremana egin zuen: Jean Pierre Duvoisin aduana-kapitaina, Frai Jose Antonio Uriarte, Emmanuel kalonjea, Bruno Etxenike idazlea, Antoine d 'Abbadie geografo eta astronomoa eta geroago, Arturo Campion.

Euskarari buruzko hamaika artikulu idatzi zituen eta 30 lan baino gehiago argitaratu. Bere lanen artean, 1863ko “Carte des Sept Provinces Basques montrant la délimitation actuelle de l' Euscara y sa division en dialectes, sous-dialectes et variétés” mapa nabarmentzen da; Bonapartek ezarri zuen sailkapen dialektala erakusten du, zortzi euskalki, hogeita bost azpieuskalki eta berrogeita hamar hizkera jasoz. Stanford 's Geographical argitaletxeak Londresen argitaratu zuen mapa hori.

1958an Riezu kaputxinoak Luis Luciano Bonaparteri buruzko artikulu bat idatzi zuen. Bertan zioenez, Bonapartek ikasi zituen herri hizkuntzen artean euskara zuen gustukoen. Hari buruz esan izan da inork ez bezala ezagutzen zuela euskara.

Alboan ageri den “Carte de visite” formatuko argazkiaren egilea Andre Disderi frantziarra izan zen, Parisko erretratugile klasiko ezagunenetako bat, Madrilen eta Londresen estudioa izan zuena. 1862an argazki-tratatu bat idatzi zuen, non adierazten duen argazki-erretratu batek balio artistikoa izan dezan honako baldintza hauek bete behar dituela: fisionomia atsegina, garbitasun orokorra (argi-itzalen jokorik ez), proportzio naturalak, xehetasun ilunak eta edertasuna.