NAIZ

Altxa!, erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldi politiko eta kulturala urriaren 31n

Urriaren 31n Altxa! izeneko ekitaldi kultural eta politikoa burutuko dute Hamaika Gara erabakitze eskubidearen aldeko ekimeneko kideek. Bi eratara ikusi ahalko da: hamaikagara.eus webgunearen bidez eta Euskal Herri osoko herri askotan antolatuko dituzten zuzeneko proiekzioetan.

Gaur aurkeztu dute ekitaldia. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Gaur aurkeztu dute ekitaldia. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Urriaren 31n Altxa! izeneko ekitaldi kultural eta politikoa burutuko dute Hamaika Gara erabakitze eskubidearen aldeko ekimeneko kideek arratsaldeko 18.00etan herriz-herri antolatuko dituzten proiekzioetan eta hamaikagara.eus webgunean.

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuren bozeramaileek azaldu dutenez, Altxa! Hamaika Gara ekimenaren «lehen mugarri handia» izango da. «Osasun krisia dela-eta, ezin gara jendetza elkartu toki berean, baina emanaldiak herriz-herri antolatuz eta segurtasun neurriak fin hartuta, saioaz herrikideekin batera gozatzeko aukera izango dugu, une berean, Euskal Herri osoan zehar», adierazi dute.

Eta nabarmendu dute Durangon egingo den ekitaldia. Izan ere «ohorea» izango da beraientzat Plateruenatik eskaintzea, «eta eskerrak eman nahi dizkiegu antzokiko kideei ateak ixtear dauden honetan gure mezua bertatik zabaltzeko aukera eman izanagatik».

Ekimenaren izenari dagokionez, Alvarezek eta Etxaburuk azaldu dute izenaren esanahia: «Altxa! izenpetu dugu ikuskizuna, Hamaika Gara ekimenaren leloari. ‘Altxa, sinatu, erabaki’ erreferentzia eginez». «Bulkada berri bat eman nahi diogu ekimenari, eta sustatzaile garen eragileokin batera, hainbat kulturgilek parte hartuko dute: Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreek, Amets Arzallus bertsolariak, eta Eñaut Elorrieta eta Dupla taldeko musikariek. Amancay Gaztañaga da zuzendaria eta Gotzon Barandiaran gidoilaria. Nola iritsi garen honaino edo bihar nor izan nahi dugun bezalako galdera handiei erantzun poetiko bat emango diete».

Sinadura bilketa

Gaurko agerraldian azaldu dutenez, osasun krisiari esker «ondorioztatu dugu bizi dugun egoeraren aurrean hamaika arrazoi gehiago pilatu ditugula burujabetzan sakontzeko bidea egiteko».

«Ezbairik gabe, osasuna, langabezia, zaintza edo hezkuntza dira, gaur gaurkoz, denon ardura eta kezka nagusiak, baina uste dugu horiei guztiei behar bezala erantzun ahal izateko, erabakimen handiagoa behar dugula herritarrok, eta honenbestez, martxoaren hasieran aurkeztu genuenean baino are premiazkoagoa dela orain Hamaika Gara ekimena. Gauzak horrela, egitasmoaren sustatzaile garen eragileok erreferendumaren aldeko sinadura bilketari berrekitea erabaki dugu», nabarmendu dute.

Adierazi dutenez, «aurrean ditugun erronkei guztion artean erantzun behar diegu. Herritarrok ere erabakitzeko ahalmena behar dugu. Ekainean Euskal Herri osoko herrietako plazetan aldarrikatu genuen leloari eusten diogu: hemen erabaki, herritarrok erabaki. Horixe nahi eta behar dugu. Zentzu horretan, herri honetako eragile eta erakundeekin eskuz esku lan egiteko prestutasuna berresten dugu».

«Ez da zer gertatuko zain geratzeko unea, eskubideak defendatu eta zabaltzearen alde egiteko unea hauxe da. Eta aukerak badaude. Erabakitzeko eskubidea modu eraginkorrean legeztatzeko legealdia izan behar da datorrena. Argi esango dugu: estatus politiko berriak erabakitzeko eskubidea izan behar du ardatz, eta herritarrok prozesuaren oinarri. Gizartean erabakitzearen alde dagoen adostasun zabala lege bilakatzea dagokie alderdi politikoei. Aukera historiko hau galtzea akats larria litzateke», gaineratu dute.

Beste herri batzuk ere erabakitzeko bidea egiten ari direla gogoratu dute. «Eskozian, lehen ministroak erreferendumerako lege egitasmoa hitz eman du 2021. urte hasierarako, eta Brexit-ak eta Londresen osasun krisiaren kudeaketak eragindako desadostasunak tarteko, eskoziarren babes zabala lortzen ari da. Frantziako Estatuan, kanak herriak -Kaledonia Berria- bere etorkizuna erreferendum bidez erabakiko du igande honetan bertan, bigarren aldiz. Espainiako Estatuan, berriz, 78ko eredua agortzen ari denaren zantzu nabarmenak erakusten ari da, eta Estatuko herrion arteko aliantzak indartzen ari dira maila politko eta sindikalean, baita gizarte eragileon artean ere: elkartasunetik elkarlanera jauzia egiten ari gara».