Asier AIESTARAN

Tim Wellensek bere bigarren garaipena lortu du Ourenseko amaiera bihurrian

Lotto Soudal taldeko flandriarra izan da aztiena aldapan eta bihurgune bete-betean kokatuta zegoen helmuga arraroan. Woods eta Stybar iheskideak menderatu ditu sailkapen nagusian aldaketarik eragin ez duen jardunaldian. [Sailkapenak]

Wellens, Ourenseko helmugan garaipena ospatzen (Miguel RIOPA / AFP)
Wellens, Ourenseko helmugan garaipena ospatzen (Miguel RIOPA / AFP)

Tim Wellens flandriarrak irabazi du Vueltako 14. etapa, 2014 kilometro Lugo eta Ourense artean. Lotto Soudal taldeko txirrindulariak aurtengo edizioan lortzen duen bigarren garaipena da, Sabiñanigon ere bera izan baitzen garaile.

Eguneko ihesaldiak arrakasta izan du, eta Wellens izan da indartsuena azken aldapan. Indartsuena, edo aztiena esan liteke, Ourenseko helmuga oso leku aldrebesean kokatua zegoelako, kilometro eskaseko alpadapatxo baten amaieran, errepide oso estua zuena eta bihurgune itxi baten irteeran.

Ihesaldia 40. kilometroan osatu da eta zazpi txirrindularik osatu dute: Marc Soler (Movistar), Michael Woods (EF), Dylan van Baarle (Ineos), Thymen Arensman (Sunweb), Tim Wellens (Lotto Soudal) eta Pierre-Luc Perichon (Cofidis).

Bost minututik gorako abantaila izan dute uneren batean, baina Astanak lehenik eta Total Direct Enegie taldeak gero, lan egin dute tropelean ihesaldia bertan behera uzteko. Gogotik saiatu arren, ez dute helburua lortu, aurreko zazpikotea bikain moldatu delako Galiziako errepide gora-beheratsuetan.

Eguneko azken mendate puntuagarria, Alto de Abelaira, helmugatik 20 kilometrora zegoen kokatua, eta igoera horretan Perichon (Cofidis) atzean geratu da. Woods, bestalde, aurrera egiten saiatu da, baina ez du bakarrik alde egitea lortu.

Aldiz, jaitsieran, taldetxoa apurtu egin da eta hirukote batek egin du aurrera: Soler, Wellens eta Stybar. Ia 15 kilometroan jazarpen lanean jardun dira Woods, Van Baarle eta Arensman, eta une batzuetan ezinezkoa zirudien arren, juxtu azken aldapa igotzen hasterakoan aurrekoak harrapatzea lortu dute.

Eta azken aldapatxoan, tentsio une batzuetan txirrindulariak elkarri begira egon ostean, Tim Wellens izan da erasoa jo eta metrotxo batzuk hartzea lortu duena. Woods ere indartsu zegoen, baina Wellens aurretik sartu da azken bihurgunera eta, helmuga bertan zegoenez, flandriarrarentzat izan da garaipena.

Woods, Gaubean garaipena lortu zuen kanadarra, bigarren izan da eta Stybar hirugarren. Atzetik sartu dira Van Baarle, Soler eta Arensman.

Tropela ia lau minutura heldu da, eta Dan Martinek eraso txiki bat jo duen arren ez da tarterik egon sailkapen nagusiko lehen sailkatuen artean. Roglicek jarraituko du lider, Carapaz 39 segundora duela eta Hugh Carthy 47ra.

Bihar 15. etaparen txanda izango da, ibilbide are luzeagoarekin: 230 kilometro Mos eta Puebla de Sanabria artean. Mendate handirik igoko ez duten arren, ibilbidea gogorra izango da, hirugarren mailako bost mendaterekin, azkena hori bai helmugatik 28 kilometrora.