Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Adineko emakumeen kontrako indarkeria: entzun, ez isiltzeko

Azaroaren 25aren harira Emakundek landutako kanpainak indarkeria jasan duten zazpi emakumeen ahotsak bildu ditu.

Hilketa matxista bat salatzeko elkarretaratzea Bilbon, 2018an. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Hilketa matxista bat salatzeko elkarretaratzea Bilbon, 2018an. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

«Ez zait asko gustatzen xehetasun pertsonalak ematea, baina tira. Denboran zehar aztertu ondoren, esan dezaket nire harremana hasieratik ez zela osasuntsua izan. Ni oso gaztea nintzen, eta betikoa: maitemintzen zara, dena polita izango dela uste duzu, eta arazoak hasi direla ikusten duzunean konponbideak bilatzen hasten zara. Pixkanaka ezinegona hasten da, egunero liskarrak daude, biolentzia hazten ari da, etengabe arazoak daude, batez ere indarkeria sikologiko handia dago, ondoren beste gauza batzuetara mudatzen dena. Tratu txarren segida etengabea da, ni saiatu nintzen besteari ulertarazten ez nengoela ondo, laguntza behar genuela. Saiatzen zara harreman hori salbatzen, garrantzitsua dela uste duzulako. Azkenean, indarkeria handituz doa, bultzadak eta hausturak iristen dira. Une batean beldurra sentitu nuen eta nire etxetik atera behar izan nuen. Ikusi nuen ez zegoela konponbiderik, hura ez zela aldatuko. Nik aldatu behar nuen».

Gazte eta luze pairatu zuen biolentzia Inma Matak. 19 urterekin ezkondu zen eta 30ekin banandu. Egun, 62 urte ditu eta Bizituz Elkarteko kidea da. Bere lekukotza da erreportaje hau ireki duena.

Genero indarkeriaren aterabideak, etxekoarena, lehengoarena, gutxi. Adineko –55 eta 79 urte bitarteko– zazpi emakumeek gogoratu, murtxikatu eta bota egin dute duela urte batzuk urte luzez –luzea baita bakarra– sufritu zuten biolentzia mindua, Emakunde Emakumeen Euskal Institutuak bultzatutako kanpainarako; Inma Mata, horietako bat.

Taxuzko kanpaina bat egiteko ordua zela agertu du Matak, «inor ordezkatzen ez duen betertzeko ubeldua» baino askosaz eraginkorragoa; horregatik, pozik dago, bestelakoek baino irisgarritasun gehiago lortu duelako aurtengo spot-ak, adineko emakumeek jasaten duten indarkeria latentziatik erauzi duelako.

Emakundek eta Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailak bultzatutako kanpaina azaroaren 9an hasi zen, gordin, EAEko irrati, telebista eta sareetan jotzen, spot modura, eta asteazkenean, Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, amaituko da.

"Entzunez gero, ikusiko duzu. Soilik adi dagoen gizarte batek antzeman dezake indarkeria ezkutuena” da azaroaren 25aren harira hautatutako kanpainaren leloa, eta oraingoan adineko emakumeek jasaten duten indarkeria fokuratu du, gizartea honen inguruan sentsibilizatzeko ituarekin, «biktimak ikusezinak direlako», Emakunderen azalpenen arabera.

Inma Matarekin batera beste sei emakume prestatu dira, gehienak anonimotasunean, pairatutako indarkeria azaltzera Emakunderen kanpainan. Jasandakoa nola, gogora ekarritakoa gogor kontatu dute biktimek, testigantzek erakutsi bezala: «‘Edo zure lagunak edo ni’ esan zidan. Ahoa irekitzen nuen eta dena iruditzen zitzaion gaizki. Eta gero eta txikiagoa egiten zara»; «Berak ez zidan inoiz eraso fisikorik egin, baina badira sendatzeko denbora gehiago behar duten orbainak»; «Kontsulta batera joan nintzen, ni erotuta edo zoratuta nengoela pentsatuta. Han esan zidaten tratu txar psikologikoak jasaten nituen emakumea nintzela».

Mina isilik eraman

Inma Mataren aburuz, beharrezkoa zen adineko emakumeek sufritzen duten indarkeria nabarmentzea, eta horregatik hartu du parte Emakunderen kanpainan. «Indarkeriaren biktimei laguntzeko legeak, araudiak eta protokoloak egin direnean, ez da kontuan hartu emakume bakoitza mundu bat dela eta 80 urteko emakume bat ez dela inolaz ere 30 urteko emakume bat bezalakoa. Adineko emakume asko isilik ari ziren sufritzen. Bizitu elkartean kide askok esaten ziguten laguntza psikologikoko programetara joaten zirenean, haiek zaintzen zituzten profesionalek ez zituztela ulertzen. Kontuan hartu behar da gaur egungoa ez bezalako testuinguru batean bizi izan diren emakumeak direla, eta urte askotan tratu txarren eraginpean egon direla. Horregatik, garrantzitsua zen emakume adindunek pairatzen duten egoera argitara ekartzea, indarkeria pairatzen duten baina indarkeria onartzen ez duten asko daudelako», esan du.

Oraindik ere bada halako herabe bat genero indarkeriaz mintzatzeko; zenbaitetan, gainera, emakumeak bere hartzen duen erruak gabetuta, bada, bizpahiru hamarkada atzera, egoera are zailagoa zen. Zenbaitetan, dependentzia ekonomikoak gizonari lotzen zuen biktima, besteetan, legeen gabeziak edo ingurukoek babesa ukatzeak.

Indarkeriaren segida

Inma Matak nabarmendu du familia laguntzeko izan duela, baina «zoritxarrez», beti ez dela horrela izaten. «Nik babesa jaso nuen, eta garai haietan ez zen erraza konponbide bat bilatzea, ez zegoen babestuko zintuen legerik; ni, zuzenean, banandu egin nintzen eta listo, ez nuen salaketarik jarri», azaldu du. Banantzeak, hala ere, ez du indarkeriaren amaiera ziurtatzen.

Ez da Mataren kasua, baina berak azaldu du nola kasu askotan biolentzia hori zenbateraino luza daitekeen: «Erasotzaileak, ikusten duenean jada ezin zaituela ez fisikoki ez sikologikoki kontrolatu ez zaudelako, batzuetan seme-alaben bitartez egiten du, bestetan ekonomiaren bitartez. Etengabeko jazarpen bat da, eta kontrola galtzen dutenean, ez dakizu zer gerta daitekeen».

Hogeita-hamar urteren ostean, Inma Matak jasandako erasoen inguruan hausnartu du, eta bide horretan formakuntza feministak duen garrantzia azpimarratu du. Berak, 1990ean banandu zenetik, ikasteko, formatzeko eta emakumeekin biltzeko beharra izan zuen. «Batzuetan ez gara kontziente biolentzia jasaten ari garenik. Uste duzu zorte txarra izan duzula, besterik gabe. Baina ikusten duzunean emakume pila bat egoera berdinean daudela, eta batzuk are okerrago, hil egiten dituztelako, konturatzen zara hau ez dela zure arazoa, baizik gizartearena, eta denon artean, politika publikoekin, egin behar zaiola aurre».