Oihane Larretxea
DONOSTIA

Sally Rooney-ren ‘Jende normala’ nobela arrakastatsua euskaratu du Irene Aldasorok

Marka guztiak hautsi zituen Sally Rooney idazle irlandarrak ‘Jende normala’ eleberriarekin. Orain, ingelesetik euskarara ekarri du Irene Aldasorok Alberdania argitaletxearen eskutik bi gazteren arteko istorio hau. Gaztea izatea zer den azaltzen duen istorioa da.

Irene Aldasoro itzultzaileak ekarri du Rooney-ren obra euskarara. (Andoni CANELLADA I FOKU)
Irene Aldasoro itzultzaileak ekarri du Rooney-ren obra euskarara. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Munduak besoak zabalik jaso zuen Salley Rooney (Castlebar, 1991) idazle irlandarraren bigarren eleberria, ‘Jende normala’ (‘Normal people’). Urtebete lehenago, 2017an, eta 26 urte baino ez zituela, ‘Conversations with Friends’ bere estreinako lanak arrakasta posible guztiak bildu zituen. Eta arrakastak ekartzen dituen arriskuak gaindituta, aurreikuspenak ez betetzeko beldurrak uxatuta, ‘The Guardian’ egunkariak «biharko klasiko bat» bezala deskribatu zuen, literalki. «Baliteke ‘Jende normala’ ez jardutea oraintxe gazte izateak esan nahi duenaz; hori baino gai hobea du: edozein garaitan gazte izatea eta maiteminduta egotea zer den».

Alberdania argitaletxearen eskutik, Irene Aldasoro itzultzaileak euskaratu du best-seller-aren etiketa gainetik astindu eta literaturaren etiketa ‘hutsa’ merezimendu osoekin irabazi duen obra. Hala diote nazioarteko prentsan adituek idatzitako erreferentzia guztiek. Trama sinplea da: Marianne eta Connell bi gazte dira, Trinitity College institutuko azken urtean daude eta maiteminduta daude. Herri txiki batean bizi dira eta unibertsitatera saltoa emango dute hurrengo ikasturtean. Dublinera, hiri koxkor batera. Tartean, jakina, beste pertsonaia batzuk, beste giza paisaiak eta pasadizoak, bizipenak daude.

Aldasorok aditzera eman duenez, ordea, gakoa(k) beste leku batean, batzuetan, ditu liburuak. Istorioa eta gaia planteatzeko moduan, gaiak txirikordatzeko abilezian, egileak hizkuntzan erakusten duen mailan eta azaltzen duen ikuspegi poliedrikoan, besteak beste. «Klasikotasuna denborak erakusten du, dudarik gabe», esan zuen liburuaren aurkezpen ekitaldian, Donostian. Hala ere, hau ez dela hain urrun ibiliko, gazte izatea zer den jartzen duelako mahai gainean, eta hori bertatik igaro den edonork uler dezakeelako.

Hamaika bider irakurri du obra, jatorrizko hizkuntzan zein berak idatzi duen euskaran eta, hala ere, aitortu zuenez, «oraindik ez dakit zein den gai nagusia. Maitasuna edo beste zerbait?». Bere ustez hiru dira nagusiak: gazte izatetik heldu izateko igarotzen den bidea, ‘normaltasunera’ bidea; maitasunaren indarra eta sexua eta besteek zenbaterainoko eragina duten norberarengan. «Hiru zutoin horiek maestriaz txirikordatzen ditu», esan zuen. Finean, egileak planteatzen duena «gogoeta bat da».

Gazte izatea zer den

Aldasorok itzulpengintzan izan dituen erronkez mintzatuta, edukiaz eta egituratzeko moduaz hainbat gako eman zituen. «Posizio batetik idazten du, eta kronologia bat osatzen du, baina harrigarria da Sallyk nola egiten duen salto aurrera eta atzera, eta nola lotzen duen guztia. Idazkera erabat menderatzen du, narratzailearen ahotsa eta pertsonaiarenak erabat uztartuta daude». Honen harira, Rooney berak elkarrizketaren batean aditzera eman izan du ‘Jende normala’ ez dela autofikzioa, nahiz pertsonaiak beren sentimenduetan «lagundu» egin dituen.

Tabernak ikusiko ditugu, festak, sexua, pornoa, eta institutu garaian ere ohikoa den bakardadea. «Gazte izatearen nahasmen horretatik ateratzen du Rooney-k egia bat sanoa dena, adierazten digu badagoela gauzak ondo egiteko bide bat, irekitasunean, esklusibitate ezarekin, baina bestea errespetatuz, besteari lekua emanez».

Gaiak ere txirikordatzen ditu, eta ez ditu aipatu gabe uzten gai nuklearrak, batzuetan bigarren plano batean egiten badu ere. «Baino hor daude, eta uzten ditu zertzelada batzuk eta egiten uzten dizu zure interpretazioa». Aipatzen ditu matxismoa, arrazismoa, biolentzia… iluntasun une asko daude, pertsonaiak etxean ikusten dituen tratu txarrak iradokitzen dituenean kasu. «Egia esan denetarik dago, errazagoa da esatea zer ez duen aipatzen». Sexua, adibidez, ez du konpromisoarekin lotzen, barruan duten hori bilatu eta aurkitzeko bide gisa baizik. Pertsonaia nagusiez eta haien harreman eta sentimenduez zera dio Aldasorok: «Normal sentitzen dira bata bestearekin daudenean». Eta horrek, munduko urrea balio du.