NAIZ

2021an jokatzekoa zen Bertsolari Txapelketa Nagusia atzeratu egingo da

Aurretik zenbait lurraldetako txapelketekin gertatu bezala, bertsolari txapelketen zikloa atzeratu egingo dute, datarik zehaztu gabe, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez.

2017an Barakaldoko BECen egindako Bertsolari Txapelketa Nagusia. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
2017an Barakaldoko BECen egindako Bertsolari Txapelketa Nagusia. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

2021ean ospatu behar zen Bertsolari Txapelketa Nagusia atzeratu egingo da, Bertsozale Elkarteak iragarri duen bezala, eta ez dute beste egun bat iragarriko covid-19aren pandemiaren bilakaera dela-eta.

«Datorren irailean hasiko litzateke 2021eko Bertsolari Txapelketa Nagusia, egoera ohikoa balitz. Ohikotik gutxi du egoerak, ordea, eta nekez betetzen dira txapelketa behar bezala gauzatzeko baldintzak», azaldu du Bertsozale Elkarteak.

Erakunde horren ustez, oraingo egoeran «pentsaezina» da ekitaldian elkartzen den jende multzoa. Gainera, «osasun irizpideak aintzat» hartuta, gerta liteke momenturen batean parte-hartzaileren bat parte hartu ezinik geratzea. «Hasi eta buka, txapelketa gauzatzeko bermerik ez dago», adierazi dute.

Aurten aurreikusita zeuden txapelketek eman dute begitandutako zantzu horien berririk. Udazkenean bi txapelketa zituzten jokatzekoak, eta atzeratu egin dituzte biak: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa zein Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa elkartzen dituen Xilaba txapelketa.

Era berean, 2021eko lehen hilabeteetan egitekoak ziren Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak dagoeneko atzera egingo zituztela aurreratu zuten.

Honenbestez, lurralde horietako txapelketak ez ezik, lurralde horietan jazotakoa aintzat izaten duen Txapelketa Nagusia ere atzeratzea erabaki dute, data berririk zehaztu gabe. Pandemiaren bilakaeraren eta bertsolaritzaren egoeraren arabera erabakiko dute data berria.

Ekimen gehiago

Hala ere, urte berrian bertsolaritzaz gozatzeko guneak bultzatzen eta antolatzen jarriko dutela indarra ere iragarri du Elkarteak. «Bertsolaritzan ari garenon artean osasun neurriekin bat datozen protokoloak adostuz gero, kultura eta bertsolaritza bizigarriak direlako».

Horregatik, herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri eta plaza sustatzeko ekimena aurkeztuko dute datozen egunetan.