NAIZ

Erandiotik, Hatortxu Rock 24a behar den moduan gozatzeko gomendioak

Abenduaren 26an izango du Hatortxu Rockek bere 24. edizioa. Osasun egoera dela-eta, Internet bidez jarraitu beharko da. Eta edizio berezi honetarako, Erandioko lagun talde batek gomendio sorta bat prestatu du.

Hatortxu Rock-ek ikuskizun formatua hartuta ospatuko du 24. urteurrena, osasun krisia dela-eta. Jaialdia abenduaren 26an izanen da eta inoiz baino beharrezkoagotzat jotzen dute elkartasun jaialdia egin dadin ahaleginak metatzea. «Izan ere, osasun krisiak errepresaliatu politikoen eta haien senideen egoera larria ere kolpatu egin du eta elkartasuna, zentzu guztietan, helarazteko beharra inoiz baino gehiago sentitu dugu», azaldu dute.

Esan bezala, ezingo da ohiko formatuan egin jaialdia. Baina horrek ez du esan nahi egunerako ongi prestatu behar ez dugunik. Eta Erandioko lagun talde honek bideo hau partekatu du, jaialdiak bilduko dituen lagunentzako gomendio gisa.

Lehen gomendioa, argia da. «Sarrera erosi. Erosi sarrera». Hau jaialdiaren webgunean egin daiteke. Baina ez da hau aurretik egin daitekeen ekarpen bakarra, izan ere arropa ere eskuragai dago bertan. Jaialdiak herritarrei «Hatortxuren bozeramaile» izateko eskatu die, aurtengo mezua «inoiz baino gehiago» zabaltzeko. Erandioko gazteek ere, bide beretik, «matraka» emateko iradokizuna egin dute.

Jaialdia behar bezala gozatzeko, ondoko prestaketak jarri dituzte mahai gainean: «Ondo gosaldu. Galtzerdi lodiak, Hatortxu kamiseta, pijama, polainak, goretex zapatilak, hatortxuak, edalontzia...».

Auzolanaren bitartez antolatzen den jaialdia da Hatortxu Rock eta horretarako, aurtengo osasuna neurriak direla-eta, etxeetako ateetan segurtasun txandak egitea proposatu dute erandiotarrek. «Sarrerarekin bakarrik sartu zaitezke eta gehienez sei» lagun elkartu. Gune Segurua ere aurten mantentzeko beharra azpimarratu dute. «Babosoak errekara».

Eta aurtengo gomendio berezia. «Ez galdu seinalea», izan ere jaialdia Internet bidez jarraitu beharko da.

Jaialdiaren antolakuntzari ere pare bat mezu bidali dizkiete, gomendioen artean ezkutatua: «Sukaldean, iristen zarenerako solomo-gazta baino ez» eta «karpa barruko euriari eutsi».