Oihana Azkue
Interview
Maite Mutuberria
Ilustratzailea

«Estiloa ez da marrazteko modu bat izatea; barruan duzuna kontatzea da»

Marrazketa adierazpide bat da Maite Mutuberria (Eltzaburu, 1985) ilustratzailearentzat, kontatzeko, komunikatzeko, modu bat. Askotariko lanak egin ditu, bai besteen testuak irudi zoragarriekin osatuz, baita berak idatzitako lanak marraztuz ere; «Lohia» (2018) kasu.

Maite Mutuberria. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Maite Mutuberria. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Ez dio «inoiz» marrazteari utzi Maite Mutuberriak. Eta irribarrez kontatzen du bere ogibidea zein den adierazten duenean beste aldean maiz entzuten dutela erantzun berbera. «A, nik, ordea, ez dakit marrazten». Zein unetan uzten dion haur batek margotzeari, hain modu naturalean, ia instintiboki, ekiten dion marrazketari, zirriborratzeari, misterioa da. Haurtzaroan denok egiten dugu, eta, akaso, hor hasten dira, aldamenekoaren irudiak ikustean, lehenengo lotsak eta espektatibak, besteen marrazkiak norberarenekin alderatzen ditugunean. «Txikitatik konturatu gabe arkatza eta margoak hartzen ditugu, baina hain naturala dena askok utzi egiten dute; uste dut batzuetan ulertzen dugulako marrazteak izan behar duela errepresentazio errealista bat, eta ez barruan duguna askatzeko modua, edo ondo pasatzeko zerbait», aldarrikatu du ilustratzaileak.

Uneotan Gianni Rodadiren “Gramatica de la fantasia” irakurtzen ari da eta ondo ezagutzen duen egilearen hitzak berreskuratzen ditu agian haustura horren arrazoia non egon daitekeen argitzeko. «Berak dio txikiak garenean marrazki bidez askatzen ditugula barruan ditugunak, eta nerabezaroan hitzaren bitartez egiten hasten garela. Izan daiteke».

Oso ikasle ona zen Mutuberria, eta horrek akaso gazte baten gainean helduek jarrita dituzten aurreikuspenak baldintzatu zituen. Margotu eta margotu zebilela, eta hura zuela grina jakinda, Arte Ederrak ikasi beharrean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen unibertsitatean, behin batxilergo artistikoa amaituta. Aldiz, bide hura utzi zuen Mutuberriak koadernoetan marrazten segitzen zuelako orduz kanpo, edonon.

«Nahita edo nahigabe lortu dut nire lanbidea izatea, eta oso pozik nago horrekin, baina beti ez dut lortu marrazkia askatasunez bizitzea, inolaz ere. Marrazkia zure lana denean zuk ere jartzen diozu zeure buruari presio bat eta oso zaila da batzuetan askatzea. Baita ere ulertzen dudalako nire lana dela funtzionala, komunikatu behar dut; ez da bakarrik askatzea, baizik kontatzea, eta hor izaten ditut ere nire borrokak. Beste batzuetan, ordea, bai, niretzat bakarrik marrazten dut», aitortu du.

Ikasketak amaituta, Madril izan zuen bizileku, eta bertan egin zituen lehen lanak. Bertan ohartu zen marrazketari buru- belarri ekin ezean, ez zuela inoiz sormenezko zerbait egingo. Lana utzi eta ilustrazioa ikasi zuen hiri handi hartan. «Eta geroztik horretan nabil egunero, orduero», esan du. Lehen urrats haiek, ordea, ez ziren «batere» errazak izan. «Egiten nituen gustuko ez nituen gauza asko, agentzia batean lan egin nuen, eta lan hura gorroto nuen, publizitatean ere aritu nintzen… diru kontuekin ere oso larri ibiltzen nintzen garai hartan, baina hasteko modua izan zen, hain zuzen, denetarik egitea. Une batean hasi nintzen ezetz esaten gustuko ez nituen lanei; publizitatea ondo ordaindua dago, baina zure denbora beste lan maiteagoaz betetzen hasten da orduan».

Eta gustuko ez duzun horri ezetz esatean, gorputzak hartzen du halako beste tonu bat, patxada bat. Baretasun atsegin bat. «Batzuetan ulertzen dugu ezetz esatea dela beste bati ezetz esatea, baina ulertzen duzunean ezetz esatea dela zeure buruari baietz esatea, lasaitua hartzen duzu. Orain askatasun osoz esaten dut ezetz».

Ilustratzailearen estiloaz

Marrazketaz hitz egitean, maiz hitz egiten da egile bakoitzak duen estiloaz, nork bere eskua duelako; Mutuberriak egin dituen lanean artean badago aldea. Zigilu bera dute, baina nortasun propioa. «Ilustrazioa ikasten hasi nintzenean pertsona batek esan zidan estiloa izan behar nuela. Horrekin ere buruhauste asko izan ditut, zeren lan bakoitzak eskatzen dit teknika bat eta probatzea, eta kontatzeko modu hori aurkitzea, baina orain ulertu dut estiloa ez dela teknika bat, marrazteko modu bat, estiloa da zuk barruan duzun hori kontatzea eta zure kontatzeko modua. Nire lanak oso ezberdinak dira, baina pentsatzen dut atzean badutela zerbait ni naizena, eta ez naiz obsesionatzen teknika batekin. Gainera, hori garatzen doa, zu garatzen zoazen neurrian, bestea ere bai, eta hori polita da».

Azken hilabeteetan lan eta lan aritu da, besteen letrak irudiz janzten. Ez daki zer izan behar duen istorio on batek; dakiena da «bideak ireki» behar dituela. Eta barrutik irudi asko ateratzeko dituela ikusten duenean, marrazteko irrika sentitzen du.