WASHINGTON

Trumpek onartu du, gogoz kontra bada ere, bere agintea bukatu dela

AEBetako Kongresuak Joe Bidenen gairapena berretsi ondoren eta bere ingurukoen babesa galduta, Donald Trumpek bere agintaldia bukatu dela onartu behar izan du. Trantsizio «ordenatua» izango dela adierazi duen arren, hauteskundeetako emaitzak ez ditu ontzat ematen.

Donald Trump, abenduan. (Saul LOEB/AFP)
Donald Trump, abenduan. (Saul LOEB/AFP)

Donald Trumpek bere agintaldia bukatu dela onartzea beste erremediorik ez du izan, baina hori ere gogoz kontra egin du, eta hauteskundeetako emaitzak ez dituela ontzat ematen argi utzi nahi izan du Etxe Zurian azken egunak dituen agintari errepublikarrak.

«Nahiz eta erabat desados nagoen hauteskundeetako emaitzekin, eta ekintzek arrazoia ematen didaten, trantsizio ordenatua izango da urtarrilaren 20an», adierazi du Trumpek ohar batean. «Legezko botoak bakarrik zenbatzen direla bermatzeko» borrokan jarraituko duela iragarri eta berea «Historiako presidentetzako lehen agintaldirik onena» izan dela erantsi du, harro. «Estatu Batuak berriro Handi egiteko gure borrokaren hasiera besterik ez da», idatzi du, 2016ko hauteskunde kanpainako leloari erreferentzia eginez.

Etxe Zuriko maizterrak ez du bere porrota esplizituki onartu bere oharrean –hori «sekula» ez duela egingo agindu zuen–, baina bai bere agintea bukatu dela eta urtarrilaren 20an Etxe Zuria utzi beharko duela.

Oharra Dan Scavino sare sozialetarako bere aholkulariaren Twitter kontutik zabaldu dute, izan ere Trumpen kontua blokeatuta baitago bere jarraitzaileen Kapitolioaren aurkako erasoa justifikatzen zuten mezuak zabaldu zituelako. Erasotzaileak «oso jende berezia» zirela zioen Trumpek bere txioetan.

Goizaldera arte luzatu dira istiluak Kapitolioan eta Poliziaren balantzearen arabera lau pertsona hil dira, 14 polizia zauritu eta 52 pertsona atxilotu. Istiluak amaitu ondoren Kongresuko saioa jarraitu dute eta Joe Bidenen garaipena berretsi du Ganberak. Horren ondoren igorri du agiria Trumpek. Ganberako legelariak eta Mike Pence lehendakariordea presionatzen saiatu da Bidenen garaipena oztopatzeko, baina ez du lortu eta agur esateko ordua iritsi zaiola onartu behar izan du.