Iraia Iturregi: «Jokalariak lasai eta motibatuta ikusi ditut, oso ondo lan egin dute»

Athleticek bolada txarrari amaiera eman nahi dio larunbatean Santa Teresaren aurka. Jone Ibañezek ezin izango du bidaiatu, orkatila bihurritu ondoren, baina Nekane deialdira itzuliko da.

Iturregik bi aste izan ditu bere jokalariekin lasaitasunez lan egiteko. Irudian, Istillarten alboan. (Athletic Club)
Iturregik bi aste izan ditu bere jokalariekin lasaitasunez lan egiteko. Irudian, Istillarten alboan. (Athletic Club)

Ia taldearekin lan egiteko denbora barik egin zuen debuta Iraia Iturregik Athleticen aulkian. Debut gazia, zuri-gorriek Eibarren aurkako derbia galdu baitzuten, bolada txarra luzatuz. Ondoren, bizkaitarrak bi aste izan ditu lasaitasunez lan egiteko eta orain hamabost egun hauetako entrenamenduetan egindako lana zelaian, eta batez ere markagailuan, lehen bait lehen isladatzea espero du. Lehen aukera larunbatean izango dute zuri-gorriek, Santa Teresari egingo dioten bisitan.

Beharrezko aldaketarako oinarria, behintzat, badago, Iturregik esan duenari jarraituz. Nolabaiteko antsietatea sahiestezina dela onartu arren, entrenatzailea pozik dago entrenamenduetan ikusi duenarekin. «Argi dago taldeak jardunaldi asko daramatzala irabazi barik eta entrenamenduetan hori lantzen saiatu gara, bai jokalariekin berba egiten, baita, batez ere, jokalariei erakusten konfiantza hartzeko biderik onena ondo entrenatzea dela. Baina nik ondo ikusi dut taldea, lasai. Eibarren aurka, adibidez, lehen zatian bai igarri zela antsietatea baina bigarrenean lasaiago egon ziren».

«Jokalariak motibatuta ikusi ditut –gaineratu du–, oso ondo lan egin dute, alaitasuna ikusi dut entrenamenduetan, lan asko…». Eta egoera animikoaz gain, partidarik gabeko bi aste hauek, ondo etorri zaizkio taldeari lan tekniko, taktiko eta fisikoa egiteko ere. «Teknikarioi ondo etorri zaizkigu kontzeptu berri bat sartzeko eta eurei lasaitasunez lan egiteko aukera izan dutelako».

Lan horretatik hainbat arlo nabarmendu daitezke. Adibidez, «lan espezifikoa egin dugu erasoko jokalariekin», taldeari golak sartzea zenbat kostatzen zaion ikusita, eta «ordu eta laurden-ordu eta erdiko entrenamenduak egin ditugu baina intentsitate handikoak, ia taldeak asteburuan txispa edukitzea lortzen dugun».

Asteburuko partida

«Ikuspuntua asteburuko partidan jartzen saiatzen gara», Koparako txartela eskuratzea ezinezkoa delako, epe ertain eta luzeko helburuak finkatzeak antsietatea sor dezakeelako, sailkapenaren egoera ikusita.

Hurrengo 19 egunetan bost partida jokatuko ditu Athleticek eta horrek plangintza baldintzatuko du prestakuntza fisikoaren aldetik baina «partidaz partidako» mantra mantentzen da. Kasu honetan, Santa Teresa gainditzea da helburu bakarra. «Oso garrantzitsua da partida irabaztea –aitortu du Iturregik–. Bolada txarrarekin amaitzeko eta taldeak, benetan, irabazteko beharra duelako. Santa Teresak lau puntu gutxiago dauzka baina baita bi partida gutxiago ere, oraintxe bertan aurkari zuzena da. Eta taldeak ere, entrenamenduetan egiten ari den lanaren ondorioa garaipen bat dela ikusteko beharra dauka. Konfiantzaren aldetik ondo etorriko zaio».

Baliteke, aurreko partida prestatzeko ia denborarik ez izan ondoren, larunbatean «Iraiaren Athletic» ikusi ahal izatea. «Hori da nahiko genukeena, taldeak gure ideiak isladatzea. Horretarako egin dugu lan baina batzuetan lortzen da eta beste batzuetan ez». Gainera, Santa Teresaren zelaia ez da egokiena zuri-gorrien gustoko futbola praktikatzeko. «Belar artifizialekoa da, gurea baino txikiagoa, baloiak asko botatzen du… Joko zuzen asko egoten da, lehia ugari… Ikusi besterik ez dago, Realak izan ezik, bertan irabazi duten gainontzeko taldeek oso garaipen estuak lortu dituztela».

Hala ere, zelaia edo aurkaria baino, bere taldea begiratzen du entrenatzaileak. «Merezi dituen baino puntu gutxiago dituen taldea» delakoan da baina baita «partidak irabazteko aukera gehiago izateko gauza gehiago egin ditzakeen» taldea dela iritzi du. Iraiak, edozein kasutan, «konfiantza» dauka bere taldeak hobetu beharreko horietan aste hauetan egindako lanarekin nabarituko duelakoan.

Albiste ona eta txarra jaso ditu taldeak bihar Badajozera joan aurretik. Jone Ibáñezek ez du bidaiatuko, orkatila bihurritu baitu eta Nekane, osatuta, deialdian sartzeko moduan dago.