NAIZ
BARTZELONA

Posta bidezko botoak nabarmen egin du gora Katalunian: %350 hazi da 2017ko bozekiko

Otsailaren 14ko hauteskundeetarako posta bidezko botoa %350 hazi da 2017an egin ziren bozetako datuekin alderatuta. Guztira, 284.706 eskaera jaso dituzte.

Nabarmen hazi da posta bidez botoa emateko eskaera kopurua. (GOVERN)
Nabarmen hazi da posta bidez botoa emateko eskaera kopurua. (GOVERN)

Kataluniako Generalitateak ohar baten bidez jakitera eman duenez, 284.706 eskaera jaso dituzte datorren otsailaren 14ko hauteskundeetan posta bidez bozkatzeko, 2017ko hitzorduan baino %350 gehiago.

Koronabirusak eragin duen osasun krisiaren ondorioz, asko hazi da presentzialki botoa ematera joan nahi ez dutenen kopurua eta horrek ekarri du, hain zuzen, posta bidez botoa emateko eskaeretan izan den errekorra.

2017ko abenduaren 21eko hauteskundeetan, posta bidezko 78.876 boto eskaera onartu ziren, aurreko hauteskundeetan izandako kopuruekin alderatuta zifra antzekoagoa: 2015ean 107.421 izan ziren, 2012an 63.142, 2010ean 45.000 eta 2006an 41.551.

Eskaera egiteko epea atzo itxi zuten eta, orain, hautesleek hilaren 12ra arte dute botoa posta bidez emateko aukera.

Gaur arte, Generalitatearen arabera, 133.148 hauteslek bidali dute jada botoa posta bidez, 2017ko tarte berean eman zirenak baino askoz gehiago (56.866).

Aipatu posta bidezko boto eskaeren gorakadaz gain, mahaietan egon beharrik ez izateko eskaerak egin dituzten pertsonen kopuru handiak markatu ditu otsailaren 14ko Kataluniako Parlamenturako hauteskunde hauek. Zehazki, atzoko datuen arabera, 21.180 dira alegazioak aurkeztu dituzten pertsonak, mahaietan egotera deituta daudenen %25 baino gehiago.