NAIZ

Oloroeko ospitalearekin eraturiko zuzendaritza komunari amaiera eman dio Mauleko erietxeak

Zazpi boz baten kontra. Hori izan zen zaintza batzordearen bozketak utzi zuen emaitza. Ondorioz, Mauleko erietxeak Oloroe-Donamariako ospitalearekin 2013. urteaz geroztik zuen zuzendaritza komunari bukaera eman dio.

Herritar anitz bildu ziren martxoaren 3an Herriko Etxearen aurrean Mauleko erietxearen geroa erabakitzeko bilkuraren atarian. (@F3euskalherri)
Herritar anitz bildu ziren martxoaren 3an Herriko Etxearen aurrean Mauleko erietxearen geroa erabakitzeko bilkuraren atarian. (@F3euskalherri)

Martxoaren 3an Mauleko zaintza batzordeak egin duen bilkura erabakigarria izan da. Hala, duela zazpi urtetik Oloroe-Donamariako ospitalearekin batera zeraman zuzendaritza partekatuaren aroari amaiera ematea erabaki zuen Louis Labadot auzapezak gidaturiko batzordeak.

Alkate komunistaren ustez, bozketaren emaitza logikoa izan da, bilera aitzinetik ospitaleko langileekin bilera egin ondoren eman baitzen eztabaida.

Asteazken goizean 200 bat herritar mobilizatu ziren Maulen, hain zuzen Oloroe-Donamariako  ospitalarekiko lotura hautsi ondoren Zuberoko erietxeak zuzendaritza autonomoa behar duela izan aldarrikatzeko.

Mauleko ospitaleak zuzendari bat izendatzeko sei hilabete ditu. «Pirinio Atlantikoetako departamenduko ikuskaritza bat ezarriko da, egituraren finantzez eta ibilmoldeaz arduratuko dena», azaldu du auzapezak.

Izan ere, gidaritza batzordean ez zen argitu aurrera begira Mauleko erietxea Baionako ospitalea buru duen sarearekin eginen duen. Louis Labadotek ez ditu bere zalantzak ezkutatu. «Beti izan naiz bat egite horien kontra», adierazi du.

Oso bestelako iritzia azaldu du Aitzina Maule oposizio taldeak. Ildo beretik, EH Bai eta EAJ-PNB alderdiek ere Mauleko eritxea euskal lurraldeko ospitale sarearekin bat egitearen alde mintzatu dira, horrela Donapaleuko baita Baionako erietxeekin loturak azkartuz.

Gaur gaurkoz etapa berria ireki du Mauleko erietxeak. Bereko zuzendaritza osatuko du osasun zentro horrek ondoko hilabeteetan. Hortik aurrera, Euskal Elkargoaren babespean osasun sarea gorpuzteko abian den egitasmoarekin bat egiteko aukerari buruzko eztabaidak jarraituko du.