NAIZ

36an bezala orain ere kontakizun faltsua ezarriko ote duten galdetu du Iparragirrek

Tortura salatu du beste behin ere Marixol Iparragirre Auzitegi Nazionalean, gaur amaitu den bere aurkako epaiketa berrian. Eta galdera sakonagoa utzi du, Estatu espainolari zuzenduta: 1936ko gerra ostean egin bezala orain ere kontakizun faltsua ezarri ote duen, «gaizto eta onen» artekoa alegia.

Marixol Iparragirre, azken epaiketa honetan. (Justizia| Europa Press)
Marixol Iparragirre, azken epaiketa honetan. (Justizia| Europa Press)

Azken konfrontazio armatua «era okerrean itxi nahi izatea» egotzi dio astearte honetan Marixol Iparragirre euskal presoak Auzitegi Nazionalari, edo Estatu espainolari zentzu zabalean ulertuta. Bere kontrako epaiketa berri baten amaieran gertatu da, hitza hartzeko txanda egokitu zaionean.

Oraingo honetan 39 urteko espetxe zigor eskaera luzatu du Fiskaltzak, 1985. urtean Amurrion ETAk egindako hilketa bati lotua. Aurretik jada 122 urtetako zigorra ezarri zaio Iparragirreri Madrilen, Gorenak onetsita. Beste epaiketa batean, ordea, errugabe atera da.

Epai jarduera hauek tortura salatzeko eta benetako konponbidea aldarrikatzeko baliatzen ari da Iparragirre, eta gaur ere honela gertatu da. Akusazioari aipamen zuzena eginez, torturak dituela oinarri ekarri du gogora. Izan ere Intxaurrondoko guardia zibilek burutu zuten aurreko sarekada: «80koen hamarkada hartan Intxaurrondon ziren Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta hil zituztenak, eta bertan torturatua hil zen Mikel Zabaltza», oroitarazi du.

Auzi honetan jada zigorra bete duen Juan Karlos Arruti Azpitarte gogora ekarriz, bere atxiloketaren inguruan asmatu zen bertsio ofiziala ere salatu du. Jakina denez, AP-8ko Oiartzungo bidesarian Guardia Zibilak Manu Urionabarrenetxea eta Jon Oiarbide ETAko kideak hil zituen (1989ko irailean) baina ez zen inolako tiroketarik gertatu: «Ez zitzaien bizirik aterako aukerarik eman», ondorioztatu du Iparragirrek.

Elkarrizketa bideen alde

Hauxe erantsi du presoak: «Historia berridazten ari da hemen. Badirudi demokrata on-on-on batzuk bazirela eta terrorista gaizto-gaizto-gaizto batzuk ere bai, eta gaiztoek onak hiltzea erabaki zutela». Kontakizun horretan, beraz, «ez dago testinguru politikorik, ez gizarte mailakorik, ez errepresorik, ez Estatu terrorismorik...»

«Noiz arte hau? –galdetu du segidan Marixol Iparragirrek–. Gerra zibilaren historiaren atea nola itxi zen jakin badakizu, eta hau ere honela itxi nahi da, era faltsuan?».

Elkarrizketaren bidea aldarrikatu du, gainera, euskal preso politikoak: «Gatazkak konpontzeko oso zailak izan arren eta ezberdintasunak oso handiak izan arren, gure seme-alabei hitz egiteko aukera egon badela irakasteko gai izango garela guztiok espero dut», esan dio epaimahari.