Beauvoir eta Steinbecken eleberri bana euskaratu dituzte

Elkar argitaletxeak «Zeruko belardiak» eta «Besteen odola» nobelak eman ditu argitara. XX. mendearen lehen erdian John Steinbeck-ek eta Simone de Beauvoirrek idatzitako liburuok, hurrenez hurren, Asun Garikanok eta Oier Alonsok ekarri dituzte euskarara.

Asun Garikano itzultzailea. (Jone IRAZU)
Asun Garikano itzultzailea. (Jone IRAZU)

Elkar argitaletxeak John Steinbecken “The Pastures of Heaven” eta Simone de Beauvoirren “La sang des autres” liburuen euskarazko itzulpenak aurkeztu zituen duela egun batzuk. Asun Garikano eta Oier Alonso itzultzaileen lana izan da, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen Urrezko Biblioteka proiektuaren baitan burutua.

Asun Garikanok John Steinbeckek 1932an idatzitako “The Pastures of Heaven” liburua euskaratu eta “Zeruko belardiak” izenburua eman dio. Steinbecken bigarren liburua izan zen eta, Garikanok aurkezpenean azaldu zuenez, hamar kontakizunez osatutako ipuin bilduma bat da. «Pieza bakoitza autonomoa da eta besteak irakurri gabe ere zentzu osoa du. Baina, era berean, elkarren artean lotuta daude; denak batera irakurrita ikusiko dugu nola doazen elkarren artean katramilatzen herri txiki bateko nekazari giroko komunitateko kideen bizitzak eta patuak», azaldu zuen.

Istorio guztiak Salinas eta Monterrey (Kalifornia) hirien arteko herrixka txiki batean gertatzen dira, Steinbeck bertokoa baitzen. XX. mendearen hasieran kokatzen da eleberria, industrializazioa gertatzen ari den momentuan eta gazteak landa eremuak utzi eta hiri eremuetara joaten ari direnean.

«Istorioetan gizartea antolatzeko modu baten desagertzea irudikatzen da. Lurrarekiko eta jaiotetxearekiko lotura eteten da. Familiak sakabanatu egiten dira eta ordura arteko nekazari komunitate sendo eta kohesionatuak kolokan jartzen dira», azaldu zuen Garikanok. Itzultzaileak irakurle euskaldunei eleberrian jorratzen diren gai orokor horren elementuak oso ezagunak egingo zaizkiela azpimarratu zuen, «hemengo nekazari munduan ere prozesu bera bizi izan genuelako».

Eleberriak herrixkako biztanleen artean gertatzen diren “tentsioak” kontatzen ditu eta atal bakoitzak protagonista bat du. Hori bai, badago atal bakoitzean errepikatzen den patroi bat: «Asmo oneko jendearen ekintzek zoritxarra eta kaltea eragiten dute inguruan».
«Zeruko Belardiak deitu zioten parajeari hura deskubritu zuten konkistatzaile espainiarrek, muino arteko haranari zerizkion oparotasuna eta edertasuna gogoan. Alabaina, aingeruak ez, baizik laborariak bizi dira bertako etxaldeetan, kezka oso lurtarrak dituztenak: lana eta jana, jolasa zein solasa, lurra nahiz larrua… John Steinbeckek bere luma airosaz erdiz erdi asmatzen du jende xumearen handitasuna erretratatzen», dio liburuaren sinopsiak.

«Besteen odola»

Oier Alonsok Simone de Beauvoirrek 1945 urtean idatzitako “La sang des autres” euskarara ekarri du, “Besteen odola” titulua emanez. Bigarren Mundu Gerraren aurreko giroa eta Frantziako erresistentzia azaltzen ditu batik bat, baina, horrez gain, hainbat pertsonaiaren erretratu bikainak eskaintzen dizkigu, beren kontraesan eta gazi-gozo guztiekin: Helene, Paul, Marcel, Madeleine...

Nobela «entretenigarri eta oso polita» dela adierazi zuen Oier Alonso itzultzaileak. «‘Besteen’ gai hori jorratzen du. Simone de Beauvoirrek hitz egiten digu elkartasunari buruz eta besteen ardura zein den kontatzen digu», azaldu zuen.

«Jean Blomart, etxe oneko semea, kontzientziaren ausikiekin bizi da gaztetatik: bere jatorri burgesaren eta langile-klasearen artean hautatu beharraz, hasieran; komunisten estrategiaren eta sindikalismo hutsaren artean, gero; neska baten maitasun sutsua onartu edo ez, bitartean; naziei aurre egitekotan armak eskuetan hartu edo ez, hurrena. Norberaren ekintzek beste batzuen bizitzan ere ondorio zuzenak izaten baititu, norbere odola ez ezik, besteena ere jokoan jarriz», dio nobelaren sinopsiak.