NAIZ

‘Baga, biga, boga’, 2021eko Herri Urratserako Xiberoots taldeak sortutako kanta

Zuberoako Xiberoots reggae taldearen ‘Baga, biga, boga’ abestiak jarriko dio doinua aurtengo Herri Urratsi. Lapurdiko Arraun Elkarteak eta Sarako Olhain ikastolako ikasleek hartu dute parte ostiral honetan aurkeztutako bideoklipean.

‘Baga, biga, boga’ izango da aurtengo Herri Urratsen kanta. Xiberoots musika taldeak sortu du eta bideokliparekin aurkeztu du ostiral honetan. Izan ere, «Boga» da aurtengo edizioko leloa; «arraunean bezala, Herri Urrats elkartea, ikastolak eta Seaska, elkarlanari esker aintzina baitoaz», argitu zuten koordinatzaileek ekimena aurkezterakoan.

«Boga egin dezagun denok, denok batera; arraunak indarrez astindu eta, aurrera egitera; haizeak ere badaki bidea, goazen berarekin batera; eramango baitu begiak itxita Herri Urratsera», dio abestiak euskararen aldeko borrokak guztion indarra behar duela argi utziz.

Zuberoan sorturiko Xiberoots reggae taldearena dira kantaren hitza, konposizioa eta musika, eta Andoni Basterretxea Urreistik, aurreko mende bukaerako Delirium Tremens taldeko abeslari eta gitarrajoleak, ere hartu du parte.

Kantaren grabaketa, nahasketa eta masterizazioa Elkar estudioak egin ditu, eta teknikaria Victor Sanchez izan da. Bideoklipa, berriz, Kestu produkzioko Gabriel Courty Villanua eta Julien Riderren lana izan da.

Kantaren bideoklipean Lapurdiko Arraun Taldeak eta Sarako Olhain ikastolako ikasleek hartu dute parte.

Maiatzaren 9an

Iazko Herri Urrats lehen aldiz bertan behera geratu ostean, aurtengoa maiatzaren 9an egin nahi du Seaskak. Bosgarren kolegioa irekitzeko behar den dirua biltzea du helburu aurtengo edizioak.

2020ko irailean kolegioetan mila ikasleren langa gainditu ostean, datozen bost urteetan kolegioetako ikasle kopurua %30 igoko dela aurreikusten du Seaskak. «Bosgarren kolegioa behar dugu lehenbailehen, Azkaine eta Senpere inguruan edo barnealdean, Hazparneko eskualdean», adierazi zuen Peio Jorajuria Seaskako Lehendakariak.

Diru bilketa jarri da martxan. Kolegioa berria eraikitzen lagundu nahi duen orok teila bat (20 euro), leiho bat (30 euro), ate bat (50 euro), berogailu bat (100 euro) eta beste hainbat atal erosteko aukera izango du boga.herriurrats.eus atariaren bitartez. Gutxienez 300.000 euro biltzeko helburua ezarri dute.