NAIZ

Hemeretzi euskal talde igoko dira Donostiako Jazzaldiko oholtzetara

Euskal jazzak leku berezia beteko du aurten ere Donostiako Jazzaldian. 56. edizioan hemeretzi talde ariko dira: tokiko hamar talde, diskoa atera berri duten beste bost eta Katapulta Tour zirkuituan aritu diren lau.

Sara Azurza 56. Jazzaldian izango da. (NAIZ)
Sara Azurza 56. Jazzaldian izango da. (NAIZ)

Iaz bezala, Euskal Herrian ekoitzitako jazzak leku nabarmena izango du Donostiako Jazzaldian. Antolakuntzatik aurreratu dutenaren arabera, hemeretzi euskal taldek hartuko dute parte aurtengo edizioan, eta ez dute baztertzen besteren bat ere zerrendara batzea.

Hemeretzi horietatik hamar tokiko taldeak izango dira. Asier Ardaiz & Friends, De2En Blues Band, DOS, Horda, Hutsun Txalaparta-J.E.L. Trio, Les Fous, Mojo Hand, Monk’s Sphere, No More Jazz Brass Band eta Swingtronics.

Azken bi urteetan, 2019 eta 2020an, diskoa grabatu duten bost talde ere igoko dira Jazzaldiko oholtzetara. Bost horiek Alberto Arteta, Ghost Number, Paul San Martin, Sara Mansilla eta The Machetazo dira.

Azkenik, zerrenda osatzen duten azken lau taldeak Katapulta Tour-ean parte hartu duten lau talde dira. Katapulta Tour Gipuzkoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola Departamentuak eta Kutxa Kulturrek sustatutako zirkuitua da, Gipuzkoako talentu gazteei musikaren eta arte eszenikoen arloan bultzada emateko asmoz. Aurten zirkuituan parte hartzen duten 10 musika taldeetatik Donostiako Jazzaldiak 4 aukeratu ditu bere 56. edizioan parte hartzeko: Antia Muiño, Blanquita Carraquela, Sara Azurza eta Yo Ciervo.