Ruben Pascual
IRUÑEA

LABeko sei kide atxilotu dituzte Iruñean, zenbait protesta aitzakiatzat hartuta

Polizia espainolak LAB sindikatuko sei kide atxilotu ditu Iruñean, martxoaren 8a eta Nafarroako garbiketa sektorearen arloko protesta sindikalak aitzakiatzat hartuta.

LABeko Nafarroako bozeramailea, Imanol Karrera, Poliziarekin aurrez aurre, atxiloketak salatzeko elkarretaratzean. (Iñigo URIZ/FOKU)
LABeko Nafarroako bozeramailea, Imanol Karrera, Poliziarekin aurrez aurre, atxiloketak salatzeko elkarretaratzean. (Iñigo URIZ/FOKU)

LABeko seis kide atxilotu ditu Polizia espainolak Iruñean, tartean Izaskun Juarez Iruñerria-Pirinioak zonaldeko arduraduna eta Imanol Salinas Zerbitzu Pribatuetako Federazioko kidea, sindikatutik adierazi dutenez.

Ofizialki ez da atxiloketen inguruko inolako informaziorik eman eta leporatzen zaizkien kargu konkretuen inguruko berririk ere ez dago.

Atxilotuetako bat bart geratu zen aske eta gainerako bostek Poliziaren esku jarraitzen dute epailearen aurrera eramaten dituzten arte. LABeko iturriek NAIZi adierazi diotenez, bihar goizean espero dute hori gertatzea.  

Sarekadaren berri jaso bezain pronto, General Chinchilla kaleko komisariaren inguruan dozenaka lagun bildu dira gertatutakoa salatzeko eta elkarretaratzean parte hartzen ari zirenak identifikatu egin ditu Poliziak.

Komunikabideei eginiko adierazpenetan LABeko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak jakitera eman duenez, protesta sindikalen harira egin dute sarekada, eta horietako bat Martxoaren 8an izan zen. Egun horretan, Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren (CEN) egoitzaren aurrean egin zituen protesta sindikatuko kideek.  Garbiketa sektorean eginiko aldarrikapenak hartu omen dituzte aitzakitzat, orokorrean.

Apirilaren 9an, LABeko kideek N-121 errepidea moztu zuten ISN enpresako kamioi baten gainera igota, patronalak sektore honen hitzarmena blokeatu zuela gaitzesteko. Batzuetan zein besteetan, beraz, emakumezkoek lan esparruan jasaten dituzten egoerak salagai ziren.

Esne saltzailea eta Polizia

Jazotakoa azaltzeko, esaera bat ekarri du gogora Imanol Karrerak: «Goizean goiz esne saltzaileak esnatzen ez bazaitu eta Poliziak esnatzen bazaitu, demokrazia batean ez gauden seinalea da». 

Ildo horretan eta abokatuen esanetan oraindik egon daitezkeen atxiloketen harira, Gobernu espainolaren Nafarroako ordezkaritzari eskatu dio pertsona horiek ez ditzala atzeman eta erabili ditzala «demokrazian erabiltzen diren prozedurak», alegia, dagokien pertsonei jakinarazpen bat igortzea epaitegietara motu proprio joan daitezen. 

Era berean, langileen eskubideak urratzen dituztenengana joan beharrean, hori salatzen duten sindikalistak jazartzea gaitzetsi du LABek.

Bestalde, Maiatzaren Lehenaren atarian, Imanol Karrerak nabarmendu du Greenpeace bezalako eragileek sarekada hau egiteko aitzakiatzat erabili direnen moduko ekimenak egiten dituztela eta ezer ez dela gertatzen, baina halakoak sindikalismotik eta «langileak ahalduntzetik» egiten direnean atxiloketak daudela. 

Aipatzekoa da adierazpenak egin bezain pronto, Polizia espainolak Imanol Karrera bera ere identifikatu duela eta honek zenbait agenteri derrigorrezko identifikazio zenbakia ez eramatea leporatu dienean, «errespetu faltagatik» ere zigortzeko mehatxua egin diote.

ELA sindikatuak bere elkartasuna helarazi du eta atxilotuak aske uzteko exijitu du.

ESK-k ere gaitzetsi du Poliziaren operazioa eta babesa adierazi die atxilotuei. Sindikalgintza ez dela delitua nabarmendu du eta horrelako jokabideek emakumeen borrokei «zilegitasuna kentzea» besterik ez dutela bilatzen erantsi du.

EH Bilduk Kongresuan galdetu du

EH Bilduren Bel Pozueta diputatuak atxiloketa hauei buruzko galdera egin dio Gobernu espainolari Kongresuan. Honez gain, gertatutakoa «ulertezina» dela nabarmendu du eta lan eskubideen alde egiten duen borroka sindikalaren kriminalizazioa dela salatu du.

Pozuetak atxilotuei zer leporatzen zaie jakin nahi du. Honekin batera, leporatzen dieten hori Iruñean izan diren atxiloketak justifikatzeko adina den galdetu dio Gobernuari. Zentzu honetan, atxiloketak burutu gabe LABeko kide hauei zergatik ez zaie deklaratzera deitu galdegin du. Iruñean izandako Poliziaren operazioaren arduraduna nor den eta zein irizpide erabili diren ere Pozuetak egindako galderen artean daude

«Atxiloketa hauek protesta sindikala kriminalizatzen dutela uste duzu?», itaundu dio Gobernu espainolari Pozuetak.

Sortuk ere atxiloketak salatu ditu. «Onartezina da emakume langileen defentsan aritzeagatik inor kriminalizatzea. Onartezina da jarduera sindikala modu honetan jazartzea eta mehatxatzea. Azken batean, agerian gelditzen da Espainiako Estatua ez dela demokratikoa, propaganda eta sindikalistak beldurtzea lehenesten baitu, sakoneko arazoaren –garbiketa sektoreko emakume-langileen egoera prekarioa– konponbidea lehenetsi beharrean. Estatuak darabilen neurri-bitasuna ere irmo salatzen dugu, protestan aritu ziren langileak atxilo eraman dituzten bitartean, langileen osasun- zein lan eskubideak sistematikoki urratzen dituztenekin ez baitu horrelakorik egiten», adierazi du Sortuk.