NAIZ

Fant jaialdiak Bong Joon-Ho eta Jack Sholder omenduko ditu ‘Fant Maisuak’ zikloan

Bilboko Fant jaialdiak Bong Joon-ho Hego Koreako zuzendariaren hainbat lan eta Jack Sholder estatubatuarraren film bat emango ditu, ‘Fant Maisuak’ zikloaren barruan. Jaialdia maiatzaren 7tik 16ra bitartean ospatuko da.

Bon Joon-Ho zinemagileak lau Oscar eskuratu zituen ‘Parasite’ lanarekin. (NAIZ)
Bon Joon-Ho zinemagileak lau Oscar eskuratu zituen ‘Parasite’ lanarekin. (NAIZ)

Bilboko Udalak antolatzen duen Fant Zinemaldi Fantastikoak generoko izen handiei omenaldia egingo die aurten ere ‘Fant Maisuak’ zikloarekin: maiatzaren 7tik 16ra egingo den 27. edizioan, Bong Joon-ho Hego Koreako zuzendariaren hainbat lan eta Jack Sholder estatubatuarraren film bat emango ditu, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Bong Joon-Ho Daegun jaio zen, Hego Korean, 1969an. 2000. urtean debutatu zuen ‘Barking Dogs Never Bite’ komedia beltzarekin. Hiru urte geroago lortu zuen lehen arrakasta, Hego Korean eta nazioartean, ‘Memories of Murder’ (2003) thrillerrarekin.

Bere ibilbide arrakastatsuak ‘The Host’ (2006), ‘Mother’ (2008), ‘Snowpiercer’ (2013) eta ‘Okja’ (2017) lanekin jarraitu zuen eta 2019an ‘Parasite’ aurkeztu zuen; film horrekin lau Oscar sari irabazi zituen, besteak beste, film onenarena eta zuzendari onenarena.

Jaialditik zehaztu dutenez, Fant zinemaldiaren aurtengo edizioan, ‘The Host’, ‘Memories of Murder’, ‘Mother’ eta ‘Snowpiercer’ filmak ikusi ahal izango dira (jatorrizko bertsioak gaztelaniazko azpitituluekin).

Bestalde, Jack Sholder estatubatuarrak filmen editore gisa hasi zuen bere ibilbidea, eta Oscar sari baterako izendatua izan zen ‘King: A Filmed Record... Montgomery to Memphis’ (1970) film luze dokumentalean lan eginez. Emmy bat irabazi zuen 1980an ‘3-2-1 Contact’ filmaren edizioan egindako lanarengatik.

Zenbait film labur saritu idatzi eta zuzendu ondoren, Sholderrek ‘Solos en la oscuridad’ (1982) lana zuzendu zuen, eta ondoren ‘¿Dónde están los niños?’ (1986) eta ‘Pesadilla en Elm Street 2: La venganza de Freddy’ (1985) lanak etorri ziren.

‘The Hidden’ (1987) filmarekin sari ugari irabazi zituen, Avoriazeko Zinemaldiko Sari Nagusia barne. 2004an, Zinema eta Telebista Ekoizpen Programa sortu zuen Western Carolina University-n, eta irakasle eta zuzendari izan zen bertan 2017an erretiroa hartu zuen arte. ‘Fant Maisuak’ zikloan ‘The Hidden’ ikusi ahalko da.